2015EKO URTARRILAREN 25A
Zarauztarra
txirrindulari taldeko Jokin Aranburu eta Aratz Olaizola Bordelen izan ziren
igandean. Gipuzkoako pistako hautatzaileak deituta, Neguko Amerikarraren
Txapelketan parte hartzeko aukera izan zuten, Frantziako hiri honetako
belodromoan. Bi zarauztarrez gain, parte hartzaile guztiak frantziarrak ziren
eta jakina den bezala, hauek pistan duten kirol maila ez da makala.
Amerikar
proba, baita ere madison izenez ezaguna, bikoteka lehiatzen da. Erreleboak
emanaz, bitako bat karreran doa besteak atsedena hartzen duen bitartean, beti
ere, pistari itzuliak ematen jarraituz. Pistan lehiatzen den probarik luzeena
izaten da eta kasu honetan, junior mailan, 100 itzuli (25Km) bete behar izan
zituzten txirrindulariak. Honez gain, 20 itzulitik behin esprintean puntuak
jokatzen dira.
Zer
esanik ez, proba hau konplikatua dela. Alde batetik oso nekagarria da eta
bestetik arriskutsua ,bizikleta gidatzean abilezia handia eskatzen bai du,
gehienbat erreleboak ematerakoan. Proba hau entrenatzeko onena lehiatzea denez,
aukera ederra izan dute Bordeleko belodromo zoragarrian esperientzia duten
txirrindulariekin.
Aratz eta Jokin, bikote bezala,
igandean lehiatu ziren estreinakoz amerikar proba batean. Txukun ibili ziren,
hamar bikoteen artean bosgarren postuan amaitu zuten eta garrantzitsuena, ez
zutela ezbeharrik izan.
Amerikarraz gain, scratch eta
puntuaketa probak ere lehiatu zituzten. Scratchean Jokinek 4. eta puntuaketan
Aratzek 5. postuak lortu zituzten.
Egindakoarekin gustura itzuli
ziren, entrenatzen jarraitu eta honelako kirol maila handia dagoen tokietara
itzultzeko gogoarekin.