martes, 30 de junio de 2015

JOKIN ARANBURU ETA ARATZ OLAIZOLA EUROPAKO PISTA TXAPELKETARAKO BIDEAN

2015EKO UZTAILAREN 1A

          
            Uztailaren 5etik 11ra bi zarauztarrak Mallorcan izango dira, junior mailako Europako Pistako Txapelketak prestatzeko helburuarekin. Aurrez egindako proben emaitza izan da aukeraketa hau.
Europako Txapelketak uztailaren 14tik 19ra ospatuko  dira Atenasko Belodromo Olinpikoan, hau da, Grezian. Proba garrantzitsuena, taldekako jazarpena izango da. Lau txirrindulariz osatutako “laukoteak”, 4 kilometro bete beharko ditu ahalik eta azkarren. Proba honetarako, bi zarauztarrez gain, Xavi Canellas (balearra) eta Daniel Viejo (asturiarra), deitu ditu Salvador Meliá Espainiako hautatzaileak. Berak dioenez, “ arazo larririk ez bada txirrindulari hauek izango dira Europara bidaiatuko dutenak”.
Iaz, Portugalen jokatutako Txapelketan, 4 minutu eta 18 segundoko denbora egin zuten espainiarrak zazpigarren postua lortuz. Jokin Aranburu laukoteko kide izan zen egun hartan. Aurten, esperientziaz baliaturik eta Aratz Olaizola ere bertan izanik, ea marka hobea lortzeko aukera izaten duten. Hala ere, benetako marka,b i zarauztar Espainiako laukotean izatea da.

Proba honetaz gain, besteren bat ere korrituko dute, baina, oraindik ez dago garbi hauek zein izango diren. 

jueves, 25 de junio de 2015

ARATZ OLAIZOLA TARTEKO HELMUGEN GARAILEA GIPUZKOAKO ITZULIAN

2015EKO EKAINAREN 22A

                 
                Pasa den asteburuan, ostiraletik asteleheneraino, Zarauztarra txirrindulari taldeko juniorrak, gazte mailako Gipuzkoako Itzulia lehiatu zuten. Atariko erlojupeko batez eta hiru etapaz osatzen da Gipuzkoako Itzulia. Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako 25 taldeek hartu zuten parte, guztira 147 txirrindulari.
                Itzulian parte hartu ahal izateko, taldea gutxienez lau txirrindulariz osatua izan behar du. Zarauztarra taldean hiru direnez, Jokin Aranburu, Aratz Olaizola eta Joseba Uzkudun (aiarra), solte ziren beste bi txirrindulari gehitu zaizkie; Jon Agirre (Zumaiako) eta Boris Campoo (Elgoibarko). Bostak Zarauztarraren maillota defendatu dute lau egunetan zehar.
                Eguraldia bikaina izan zuten, aitzineko Aiako erlojupekoan izan ezin. Lurra bustia zegoen, eta 2,5 kilometroko ibilbidea oso bihurgunetsua zenez, arriskua nabarmena zen. Jokin Aranburuk, erorketa ekiditearren 13 segundo galdu zituen lehendabizikoarekiko. Aratz Olaizolak, irabazteko grinak bultzaturik, dena eman zuen, baina, bihurgune batean erorikoa izan zuen. Hala ere, altxa eta proba amaitu zuen ia minutu bat galdu zuelarik.


Lehen etapan, Olaberrian (75km eta bost mendate), Jokin Aranburuk gurpilean zulatua izan zuen ibilbidearen erdian, Olaberriako mendatea igotzen hasi aurretik. Ezbehar honek, etapa amaieran ia bi minutu galtzea eragin zion. Aratz Olaizolak bere aldetik, tarteko helmugetan puntuak lortzen hasi zen, atariko erlojupekoan galdutako denbora handia zela ikusirik. Biak ala biak, sailkapen orokorrerako aukerak murriztuak zituzten dagoeneko.


Bigarren etapan, Andoainen (93km eta bi mendate), Jokin Aranburu etapa irabazteko zorian egon zen baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Aratz Olaizolak puntu gehiago bildu zituen tarteko helmugetan.


Azkenekoa izango zen hirugarren etapan, Tolosan (88km eta hiru mendate), Aratz Olaizolak  azken puntua lortu zuen, eta honela, Gipuzkoako Itzuliko tarteko helmugen garailea izatea erdietsi zuen. Jokin Aranburu zazpigarren sartu zen Tolosako helmugan.



42 txirrindularik bakarrik bete zituzten Itzuliko kilometro guztiak eta horien artean izan ziren, Aratz Olaizola eta Jokin Aranburu. Gipuzkoako Itzuliko sailkapen orokorrean, Jokin Aranburu izan zen Zarauztarra taldeko lehena, 14. postuan, Euken Gallego (Laguntasuna) irabazlearengandik bi minutu eta zortzi segundoetara. Jon Agirrek lehenengo bi etapa oso onak egin zituen, liderraren taldean ibiliaz, baina pairatu zuen alergia dela eta, ezin izan zuen hirugarren etapa amaitu. Joseba Uzkudun eta Boris Campoo ere, bi etapetan oso txukun ibili ziren baina hirugarrena ezin izan zuten amaitu. Esperientzia hau, ederra eta gogorra izan da parte hartu duten guztientzat, kirol hau den bezelakoa.







miércoles, 17 de junio de 2015

ARATZ OLAIZOLA TXAPELDUN GIPUZKOAKO BANAKAKO ERLOJUPEKOAN

2015EKO EKAINAREN 16A


Astearte arratsaldean, Zarauztarra taldeko Aratz Olaizola eta Jokin Aranburu juniorrak, Gipuzkoako Banakako Erlojupeko Txapelketa lehiatu zuten Aizarnazabalen. Aratz Olaizola izan zen indartsuena eta azkarrena, eta Gipuzkoako Txapeldun bihurtu zen iazko bigarren postua hobetuz. 23 urtez azpikoen mailan, Asier Arana (Telco’M Gimex) zarauztarra izan genuen, bere lehendabiziko erlojupekoa izan zen eta oso txukun ibili zen seigarren postua erdietsiz.
                 Azkenean eguraldia lehorra izan zuten nahiz eta haizea nabarmena izan. Ibilbideak 14,5 km zituen, Aizarnazabal behetik irten, Oikiatik Beduako  biribilgunera joan eta itzuli Aizarnazabal gaineraino.
                Erlojupeko proba honetan, Gipuzkoako rankineko lehenengo hamabostak dute parte hartzeko aukera. Horien artean dira Aratz eta Jokin, eta baita ere beraien arerio nagusiak, Oier Ibarguren (iazko txapelduna) eta Unai Orbea, biak ala biak Atracciones Sanz taldeko azpeitiarrak.
                Aizarnazabaldik irten eta Oikiako lehen pasaeran, Unai Orbea zihoan bizkorrena eta lauzpabost segundora Oier Ibarguren eta Aratz Olaizola. Baina Beduako biribilgunera joan etorrian, Oikiako bigarren pasaeran, hau da haize gehien nabaritzen zen gunearen ondoren, Aratzek markatu zuen denborarik onena, azpeitiarrak bospasei segundora zituelarik.
                Ordurako, Aratzek, begi bistan zuen bere aurretik irtendako txirrindularia. Hura harrapatzeko gogoak eta Aizarnazabalen (bere herri kuttuna) irabazteko desioak, hegan eraman zuen helmugaraino, denetan denbora hoberena lortuz, 20 minutu eta 22 segundo, eta honela Gipuzkoako banakako erlojupekoaren Txapela lortuz. Oier Ibarguren bigarren izan zen 9 segundora, eta Unai Orbea hirugarren, 24 segundora.

                
                 Jokin Aranburuk, bere aldetik, ez zuen pedal kolpe egokia aurkitu. Hasieran nahiko ondo heldu bazion ere, azkenerako, luzea egin zitzaion ibilbidea eta zazpigarren postuan amaitu zuen, 42 segundora.


               
                   Txirrindularien egutegi bete honetan, Gipuzkoako Itzulia izango dute asteburu honetan. Lau egun jarraian lehiatu beharko dute. Ostiral arratsaldean atarikoa Aian, 2,5 kilometroko erlojupekoa,eta ondoren hiru etapa; larunbat goizean Olaberrian 75km, igande arratsaldean  Andoainen 93km eta bukatzeko astelehen arratsaldean Tolosan 88km. Esan beharrik ez dago, kilometro guzti hauetan nahiko aldapa eta mendate gainditu beharko dituztela. 


martes, 2 de junio de 2015

ARATZ OLAIZOLA BIGARREN ZEGAMAN

2015EKO MAIATZAREN 30A


                 Zarauztarra txirrindulari taldeko juniorrak Zegaman izan zuten karrera larunbat goizean. Eguzkia eta tenperatura ona suertatu  zitzaien kirol honen praktikarako.
                83 lagun bildu ziren irteeran. Gipuzkoarrez gain, arabarrak eta Iparraldekoak ere azaldu ziren proba honetan parte hartzera. Ibilbideak 69 km zituen eta hiru mendate; Liernia bi aldiz eta helmugatik 5 kilometrora Barbaris, azken hau, lau kilometrotako aldapa latza. 
                Eguneko ihesaldia nahiko azkar osatu zen. Lierniako lehen igoera hasterako bederatzi txirrindularik minututik gorako abantaila zuten tropelarekiko. Hauen artean Aratz Olaizola zihoan. Kilometro asko elkarrekin egin ondoren, Zerain eta Zegaman artean dagoen Barbaris mendatea erabakigarria izango zen. Eneko Martinez (Zirauna) arabarrak ihes egin zuen taldetxotik eta bakarrik igaro zuen gaina, gutxienez minutu erdiko aldearekin  taldetxoaren buru zen Aratz Olaizolarekiko.

              
               Beherakoan, arabarra  harrapatzeko ahaleginak alferrikakoak izan ziren, helmugarako geratzen zen distantzia laburra bai zen. Hala ere, Aratz Olaizolak bigarren postua ziurtatu zuen.


              
                 Jokin Aranburu ez zen ihesaldian sartu eta tropelaren  babesean egin zuen karrera. Helmugara, 16. iritsi zen.