domingo, 30 de agosto de 2015

2015EKO ABUZTUAREN 26-28
JOKIN ARANBURU ESPAINIAKO TXAPELDUN  KILOMETROKO PROBAN
ZARAUZTAR BIKOTEAK, ZILARRA LORTU ZUEN MADISONEAN


               
                 Pasa den astean, hiru egunetan,  Jokin Aranburu eta Aratz Olaizola Galapagargo (Madril) belodromoan izan dira gazte mailako Espainiako Pista Txapelketak lehiatzen. Jokatu dituzten proba guztietan domina irabazi dute eta gustura itzuli dira denboraldiko pistako azken txapelketaren ondoren.
                Banakako probetan, bina domina lortu dituzte; Jokin Aranburuk urrea kilometroko proban eta brontzea scratchean eta Aratz Olaizolak zilarra puntuaketan eta brontzea jazarpenean.
                
               Taldekako abiaduran, bi zarauztarrak eta Julen Mundinek (Pasaia) osatu dute hirukotea. Sailkapenean bi milarengatik finaletik at geratu dira. Aurreko hiru urteetan txapeldunak izan ziren modalitate honetan. Aurten arerio gogorrak aurkitu dituzte eta hirugarren postuarekin, hau da brontzearekin, konformatu behar izan dute.

               
                 Madisonean , bi zarauztarrak osatu dute Euskadiko bikotea. Proba luze eta ikusgarri honetan, txapeldunorde  izatea  erdietsi dute, zilarrezko domina bereganatuz


lunes, 24 de agosto de 2015

ARATZ OLAIZOLA JUNIOR MAILAKO MUNDUKO PISTA TXAPELKETETAN, ASTANA (KAZAJSTAN)

2015EKO ABUZTUAREN 19TIK 23RA


                 Aste bat Mallorcan txapelketak prestatzen igaro ondoren, Astanara ( kazajstan) abiatu zen, Espainiako hautatzaileak (Salvador Meliá) aukeratutako laukotea; Aratz Olaizola (Euskadi), Daniel Viejo (Asturies) eta Xavi Canellas eta Alejandro Hernández (Iles Balears).
                Helburu nagusia, pasa den uztailean Europako Txapelketetan, taldekako jazarpenean ezarritako errekorra haustea zen (4:13.201). Saiakera honetarako, Salvador Meliák,  laukoteko hiru txirrindulari berdinak mantendu zituen, eta laugarrena, Alejandro Hernández aukeratu zuen, Jokin Aranburu kanpoan utziaz.
                Taldekako jazarpena izan zen, lehiatu zuten lehen proba. Egindako denbora ez zen batere ona izan, 4:19.614. Erregistro honek 10. postura eraman zituen.
                Proba honetaz gain, Aratz Olaizolak kilometroa eta madison probak lehiatu zituen. Kilometroan lortutako denbora 1:07.619 izan zen, 25. postuan sailkatuz. Madisonean, Alejandro Hernández izan zuen bikotea eta 11. bukatu zuten.

Astanatik bueltan, Madrilgo Galapagar da helburua. Bertan, Espainiako Pista Txapelketak ospatuko dira. Juniorren kasuan, asteazkena hilaren 26tik ostirala hilaren 28rarte. Oraingo honetan, Euskadiko selekzioaren barne, Aratz Olaizola eta Jokin Aranburu, bi zarauztarrak hartuko dute parte.

lunes, 3 de agosto de 2015

XXV Jose Mª Artetxe Txirrindularitza Gau Kriterium-a - Criterium Nocturno Zarautz

Eguna: 2015ko Abuztuak 10, astelehena
Ordutegia: 21:30 – 00:00.
Tokia: ZARAUTZ. Azken Portu auzoa, (Araba Kalean, Gurmendi Plazan)
Urtero bezala, eta aurten 25 urte egiten ditugu, Abuztuaren 10an, Sta Klarako jaien barruan, Zarautzen, “Jose Mari Artetxeren Omenezko XXV. Gau Kriterium-a” antolatzen du Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteak.
Kriteriumean,  Kadete eta Junior neska mutilak eta SUB 23 neskak izaten ditugu lehian. Aurten (eta ea hurrengoetan ere) SUB23 mutilak, kategoria gehitu dugu. 650€ banatuko dira dieta eta saritan (gutxienez) eta Euskal Federazioko taldeei luzatzen dizuegu gonbidapena. Talde bakoitzetik gehienez 4 txirrindularik parte hartu dezakete eta guztira, mailako, gehienez, 40 txirrindulari izango dira lehian.
Antolatutako lasterketak PUNTUAKETA, KANPORAKETA eta “ezustekoa” izango dira. Ezusteko froga egunean bertan jakingo da eta dirutan, sari berezia izango du.

Araudi partikularra hemen duzue ARAUDIA . Eta izen emateak emailez bidali mesedez zarauztarra@zarauztarra.org helbidera. Bide berdinetik konfirmatuko zaizue izen-ematea.

Fecha: 10 de Agosto de 2015, lunes.
Hora: 21:30 – 00:00.
Lugar: ZARAUTZ, Barrio Azken Portu,( Araba Kalea, a la altura de Gurmendi Plaza).
Este año se cumplen 25 años que la SDC Zarauztarra organiza, dentro del programa de fiestas de Sta. Clara, el Criterium Nocturno homenaje a Jose Mari Artetxe.
Durante años, en el mismo han participado ciclistas de las categorias cadete y junior masculino y femenino y en los últimos años habíamos incorporado la categoria Sub23 feminas. Este año con motivo de las Bodas de Plata del critérium (y esperamos que en próximas ediciones), vamos a invitar a ciclistas SUB 23 MASCULINO. Se van a repartir 650€ en dietas y premios (como mínimo) y se invita a participar a 4 corredor@s de cualquier equipo perteneciente a la Federación Vasca hasta un máximo de 40 por categoría.
Se van a celebrar 3 pruebas por categoría: Puntuación, eliminación y una prueba “sorpresa” que se dará a conocer el mismo día. Esta prueba tendrá un premio especial en metálico.
El reglamento particular de la prueba lo tenéis en REGLAMENTO y las inscripciones se enviarán por email a zarauztarra@zarauztarra.org . La inscripción se confirmará por la misma vía.

JOKIN ARANBURU TXAPELDUN ETA ARATZ OLAIZOLA TXAPELDUNORDE EUSKADIKO PISTA TXAPELKETAN, JUNIOR MAILAN

2015EKO UZTAILAREN 31A


                 Gazte mailako Euskadiko Pista Txapelketa ostiralean lehiatu zuten Donostiako Anoetako belodromoan. Zarauztar bikotea nagusi izan zen, azken denboraldietan gertatu den bezala. Hala ere ez zen erraza izan, Luis Mari Garikano (Limousin) arerio gogorra izan zuten lehiaketa osoan eta azken une-arte.
                Omnium modalitatean lehiatzen da txapelketa, hau da, bost proba ezberdin jokatu ondoren, puntu gehien lortzen duen txirrindularia izaten da garailea.
                Goizeko lehen proba scratcha izan zen eta Aranburu irabazi zuen, bigarren Garikano izan zen eta hirugarren Olaizola. Hurrengo proban, banakako jazarpenean (3km), Garikanok egin zuen denborarik onena (3:37,440), ondoren Olaizolak (3:37,880) eta hirugarren Aranburuk (3:38,490). Bi proba hauen ondoren, garbi ikusi zen hirukote hau zela indartsuena.
                Arratsaldea, abiadurako 200 metroekin hasi ziren. Julen Mundin (Laguntasuna) izan zen azkarrena (11,110 seg), Aranburu hirugarren (11,440), Olaizola laugarren (11,470) eta Garikano bosgarren (11,500). Ondoren kilometroan Aranburu nagusitu zen (1:08,240), Olaizola bigarren izan zen (1:09,110) eta Garikano laugarren (1:10,590).
                Lau proba lehiatu ondoren, sailkapen orokorrean Jokin Aranburu zen lehena, bigarren Aratz Olaizola 6 puntura eta hirugarren Luis Mari Garikano 8 puntura. Puntuaketako lasterketa (25km) gelditzen zen eta kontuan hartuta bertan lortzen diren puntu guztiak kontatzen direla, txapelketa irekia zegoen oraindik. Garikano ia etengabe saiatu zen itzulia ateratzen, hala 20 puntu lortu ahal izateko baina ezinezkoa egin zitzaion. Tarteko esprintetan bildutako puntuei ezker Olaizola izan zen puntuaketan garaile, bigarren izan zen Aranburu baino 5 puntu gehiagorekin.

              
                 Proba guztiak jokatu eta gero, Jokin Aranburuk pilatu zituen puntu gehien eta honela Euskadiko pistako txapelduna izatea erdietsi zuen. Aratz Olaizolak txapeldunorde amaitu zuen puntu bakar batera.


              
                Belodromoa alde batera utzi eta datorren igandean hilaren 9an, goizeko 10etan hasita, errepideko Euskadiko txapelketa lehiatuko dute Zumaian. 120 km izango ditu ibilbideak eta Miako gaina bi aldiz eta Garateko gaina behin gainditu beharko dituzte. Zarauztik bi aldiz igaroko dira.


lunes, 20 de julio de 2015

TALDEKAKO JAZARPENEAN ESPAINIAKO ERREKORRA EZARRI DU, ARATZ ETA JOKIN BARNE ZITUEN LAUKOTEAK

2015EKO UZTAILAREN 14A


                   Pasa den astean, Aratz Olaizola eta Jokin Aranburu, Espainiako selekzioarekin Atenasen izan dira, junior mailako Europako Pista Txapelketak lehiatzen.

             
                 Taldekako jazarpenerako laukotea, bi zarauztarrak, Balear Irletako Xavi Canellasek eta Asturiasko Daniel Viejok osatu zuten. Txapelketan 6. postua lortu zuten, baina egindako marka, 4:13.201, Espainiako junior laukote batek inoiz egindako denborarik onena izan zen. Ondorioz, errekor berria ezarri zuten, 2008tik zegoena, bi segundotan hobetuz.

               
                 Proba honetaz gain beste batzuk ere lehiatu zituzten. Aratz Olaizolak scratchean, 9. postua lortu zuen eta madisonean, Xavi Canellas bikote zuela, 10.



Jokin Aranburuk aldiz, puntuaketa lehiatu zuen baina ezin izan zuen finalerako sailkatu. 





 

martes, 30 de junio de 2015

JOKIN ARANBURU ETA ARATZ OLAIZOLA EUROPAKO PISTA TXAPELKETARAKO BIDEAN

2015EKO UZTAILAREN 1A

          
            Uztailaren 5etik 11ra bi zarauztarrak Mallorcan izango dira, junior mailako Europako Pistako Txapelketak prestatzeko helburuarekin. Aurrez egindako proben emaitza izan da aukeraketa hau.
Europako Txapelketak uztailaren 14tik 19ra ospatuko  dira Atenasko Belodromo Olinpikoan, hau da, Grezian. Proba garrantzitsuena, taldekako jazarpena izango da. Lau txirrindulariz osatutako “laukoteak”, 4 kilometro bete beharko ditu ahalik eta azkarren. Proba honetarako, bi zarauztarrez gain, Xavi Canellas (balearra) eta Daniel Viejo (asturiarra), deitu ditu Salvador Meliá Espainiako hautatzaileak. Berak dioenez, “ arazo larririk ez bada txirrindulari hauek izango dira Europara bidaiatuko dutenak”.
Iaz, Portugalen jokatutako Txapelketan, 4 minutu eta 18 segundoko denbora egin zuten espainiarrak zazpigarren postua lortuz. Jokin Aranburu laukoteko kide izan zen egun hartan. Aurten, esperientziaz baliaturik eta Aratz Olaizola ere bertan izanik, ea marka hobea lortzeko aukera izaten duten. Hala ere, benetako marka,b i zarauztar Espainiako laukotean izatea da.

Proba honetaz gain, besteren bat ere korrituko dute, baina, oraindik ez dago garbi hauek zein izango diren. 

jueves, 25 de junio de 2015

ARATZ OLAIZOLA TARTEKO HELMUGEN GARAILEA GIPUZKOAKO ITZULIAN

2015EKO EKAINAREN 22A

                 
                Pasa den asteburuan, ostiraletik asteleheneraino, Zarauztarra txirrindulari taldeko juniorrak, gazte mailako Gipuzkoako Itzulia lehiatu zuten. Atariko erlojupeko batez eta hiru etapaz osatzen da Gipuzkoako Itzulia. Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako 25 taldeek hartu zuten parte, guztira 147 txirrindulari.
                Itzulian parte hartu ahal izateko, taldea gutxienez lau txirrindulariz osatua izan behar du. Zarauztarra taldean hiru direnez, Jokin Aranburu, Aratz Olaizola eta Joseba Uzkudun (aiarra), solte ziren beste bi txirrindulari gehitu zaizkie; Jon Agirre (Zumaiako) eta Boris Campoo (Elgoibarko). Bostak Zarauztarraren maillota defendatu dute lau egunetan zehar.
                Eguraldia bikaina izan zuten, aitzineko Aiako erlojupekoan izan ezin. Lurra bustia zegoen, eta 2,5 kilometroko ibilbidea oso bihurgunetsua zenez, arriskua nabarmena zen. Jokin Aranburuk, erorketa ekiditearren 13 segundo galdu zituen lehendabizikoarekiko. Aratz Olaizolak, irabazteko grinak bultzaturik, dena eman zuen, baina, bihurgune batean erorikoa izan zuen. Hala ere, altxa eta proba amaitu zuen ia minutu bat galdu zuelarik.


Lehen etapan, Olaberrian (75km eta bost mendate), Jokin Aranburuk gurpilean zulatua izan zuen ibilbidearen erdian, Olaberriako mendatea igotzen hasi aurretik. Ezbehar honek, etapa amaieran ia bi minutu galtzea eragin zion. Aratz Olaizolak bere aldetik, tarteko helmugetan puntuak lortzen hasi zen, atariko erlojupekoan galdutako denbora handia zela ikusirik. Biak ala biak, sailkapen orokorrerako aukerak murriztuak zituzten dagoeneko.


Bigarren etapan, Andoainen (93km eta bi mendate), Jokin Aranburu etapa irabazteko zorian egon zen baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Aratz Olaizolak puntu gehiago bildu zituen tarteko helmugetan.


Azkenekoa izango zen hirugarren etapan, Tolosan (88km eta hiru mendate), Aratz Olaizolak  azken puntua lortu zuen, eta honela, Gipuzkoako Itzuliko tarteko helmugen garailea izatea erdietsi zuen. Jokin Aranburu zazpigarren sartu zen Tolosako helmugan.



42 txirrindularik bakarrik bete zituzten Itzuliko kilometro guztiak eta horien artean izan ziren, Aratz Olaizola eta Jokin Aranburu. Gipuzkoako Itzuliko sailkapen orokorrean, Jokin Aranburu izan zen Zarauztarra taldeko lehena, 14. postuan, Euken Gallego (Laguntasuna) irabazlearengandik bi minutu eta zortzi segundoetara. Jon Agirrek lehenengo bi etapa oso onak egin zituen, liderraren taldean ibiliaz, baina pairatu zuen alergia dela eta, ezin izan zuen hirugarren etapa amaitu. Joseba Uzkudun eta Boris Campoo ere, bi etapetan oso txukun ibili ziren baina hirugarrena ezin izan zuten amaitu. Esperientzia hau, ederra eta gogorra izan da parte hartu duten guztientzat, kirol hau den bezelakoa.