Gazte mailako Euskadiko Pista Txapelketa
ostiralean lehiatu zuten Donostiako Anoetako belodromoan. Zarauztar bikotea
nagusi izan zen, azken denboraldietan gertatu den bezala. Hala ere ez zen
erraza izan, Luis Mari Garikano (Limousin) arerio gogorra izan zuten lehiaketa
osoan eta azken une-arte.
Omnium
modalitatean lehiatzen da txapelketa, hau da, bost proba ezberdin jokatu
ondoren, puntu gehien lortzen duen txirrindularia izaten da garailea.
Goizeko
lehen proba scratcha izan zen eta Aranburu irabazi zuen, bigarren Garikano izan
zen eta hirugarren Olaizola. Hurrengo proban, banakako jazarpenean (3km),
Garikanok egin zuen denborarik onena (3:37,440), ondoren Olaizolak (3:37,880)
eta hirugarren Aranburuk (3:38,490). Bi proba hauen ondoren, garbi ikusi zen
hirukote hau zela indartsuena.
Arratsaldea, abiadurako 200
metroekin hasi ziren. Julen Mundin (Laguntasuna) izan zen azkarrena (11,110
seg), Aranburu hirugarren (11,440), Olaizola laugarren (11,470) eta Garikano
bosgarren (11,500). Ondoren kilometroan Aranburu nagusitu zen (1:08,240),
Olaizola bigarren izan zen (1:09,110) eta Garikano laugarren (1:10,590).
Lau
proba lehiatu ondoren, sailkapen orokorrean Jokin Aranburu zen lehena, bigarren
Aratz Olaizola 6 puntura eta hirugarren Luis Mari Garikano 8 puntura.
Puntuaketako lasterketa (25km) gelditzen zen eta kontuan hartuta bertan lortzen
diren puntu guztiak kontatzen direla, txapelketa irekia zegoen oraindik. Garikano
ia etengabe saiatu zen itzulia ateratzen, hala 20 puntu lortu ahal izateko
baina ezinezkoa egin zitzaion. Tarteko esprintetan bildutako puntuei ezker
Olaizola izan zen puntuaketan garaile, bigarren izan zen Aranburu baino 5 puntu
gehiagorekin.
Proba
guztiak jokatu eta gero, Jokin Aranburuk pilatu zituen puntu gehien eta honela
Euskadiko pistako txapelduna izatea erdietsi zuen. Aratz Olaizolak
txapeldunorde amaitu zuen puntu bakar batera.
Belodromoa
alde batera utzi eta datorren igandean hilaren 9an, goizeko 10etan hasita, errepideko
Euskadiko txapelketa lehiatuko dute Zumaian. 120 km izango ditu ibilbideak eta
Miako gaina bi aldiz eta Garateko gaina behin gainditu beharko dituzte. Zarauztik
bi aldiz igaroko dira.
No hay comentarios:
Publicar un comentario