miércoles, 27 de febrero de 2013

2013 ZARAUZTARRA TALDEAREN AURKEZPENA


Joan den larunbatean, otsailak 23, egin zen Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteko taldeen aurkezpena. Euri eta hotzetik ihesi, polikiroldegira eraman genuen ekitaldia eta bertan aurkeztu ziren aurtengo denboraldian lehian ibiliko diren txirrindulariak:

Alebin eta infantiletan:
  • Iago Aizpurua
  • Beñat Arana
  • Iñigo Eizagirre
  • Aritz Erasun
  • Alex Garzia
  • Ibai Goikoetxea
  • Adrian Sorreluz
  • Unai Uzkudun
Laguntzaile: Ibai Berazierto eta Edu Arana


Kadeteetan:
  • Xuban Aizpurua
  • Jokin Aranburu
  • Aratz Olaizola
  • Joseba Uzkudun
Laguntzaile: Xabier Aranburu, Martxel Olaizola eta Xanti Aginagalde


Juniorretan:
  • Asier Arana
  • Kepa Iribar
  • Juan Zabala
  • Oxel Zubimendi
Laguntzaile: Jexux Arana eta Andoni Iribar


Nahiko larri taldeko trikitilariek alaitu zuten ekitaldia kalejira eta fandango batekin goiza berotu nahirik eta Andoni Egaña eta Fede bertsolariek ondoren, bertso batzuk eskaini zizkieten denboraldiari gogoz ekiteko desiratuz eta aholkuak emanez:”entrenatu maiz, ta asko zaindu, elikadura txukuna, hiru hitzetan laburbilduaz, guk egiten ez deguna”. Ondoren txistularien laguntzarekin dantzari pare batek agurra dantzatu zieten eta hamaiketakoarekin eman zioten amaiera goizari.



Gogo handiz eta saiatuz ekin diezaiotela desio diegu guztiei, bakoitzak ahal duen guztia emanaz.

Joan den urtean gustura ibiltzeaz gain emaitzak ere bikainak izan ziren taldean, eta horren adibide Euskadiko txirrindularitza federazioak 2012an emaniko emaitza aipagarrien sariak jasotako zarauztarrako hiru txirrindulari, Aratz Olaizola, Jokin Aranburu eta Xabier Gorrotxategi.

Aratz eta Jokinek, esate baterako, Espainiako txapelketan Euskadiko selekzioarekin, pistan, taldekako lanean, urrezko domina bat eta brontzezko beste bat bereganatu zuten. 

Xabier Gorrotxategik, aurten udalaren eskutik saria jaso berri du bere joan den urteko jardunagatik. Izan ere, bere juniorretako azken urtean errepidean emaitza onak izan bazituen zenbait laisterketa irabaziz, tartean Zarauzkoa, are gehiago pistan, Gipuzkoako txapelketan lehen postua eskuratuz; hirugarrena Euskadikoan, puntuazio proba irabazi ondoren; eta hiru domina Espainiakoan Euskadiko selekzioa ordezkatuz: zilarra jazarpen proban, urrea puntuazioan eta zilarrezkoa Madison proban Ander Alonsorekin batera; ondoren Europako Txapelketan, Portugalen parte hartu zuelarik. Udalaren saria jasotzera etortzerik ez zuen izan azterketak zirela eta, Madrilen ari baita ikasten, eta Jexux Aranak jaso zuen bere izenean. Bere hitzei eskaini nahi genien tokitxo bat blogean baina ez du aukerarik izan oraindik horretarako, beraz bitartean aipamentxo bat bada ere egin gabe ez dugu laga nahi izan.


Zorionak beraz guztiei eta ea beraien bizikletarako grina akuilu den ondorengoentzat.

Azkenik eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen taldea aurrera ateratzea posible egiten duten laguntzaile guztiei:
Lukas
Arazi
Zarautz Serigrafia-Emi-Chapucetti
Kebidek
Begitek
Azanza Garajea
Gesalaga Jaki prestatuak
Aurrera taberna
Zarautz Playa Kafetegia
Optica Zarautz
Garrastazu optika
Bidekoi - Zufiria garraioak






sábado, 23 de febrero de 2013

HOTZA GARAILE DONOSTIAN


2013KO OTSAILAREN 23A

KADETEAK ERREPIDEAN

            Pista alde batera utzi eta errepideko denboraldiko lehenengo lasterketa lehiatzera joan ginen Donostiako Ibaeta auzora pasa den larunbatean. 2,2km dituen herri zirkuito batean jokatzen da, 10 itzuliko sailkapen bi txanda eginez, bakoitzeko lehen 15 txirrindulariak finalera sailkatzen direlarik.
            Giroa ez zen batere atsegina, hotza galanta goiz goizetik, baina gure txirrindulariak ez zuten etxean gelditu nahi izan, lehenengo karrera zen errepidean eta gogo eta ilusio handiz abiatu ginen Donostiara.

            Aurreneko txandan, Aratzi tokatu zitzaion lehiatzea. Itzuli erdiak bete ondoren hazi zen elurra mara mara, lurra bustiz, eta azkeneko itzulian esprinta prestatzera zihoaztenean, kurpilak irrist egin eta lurrera erori ziren, bera eta beste lau bat txirrindulari. Min haundirik ez baina sailkapenetik kanpo geratu zen.
           
Jokinek eta Josebak bigarren txandan izan zuten aukera. Elurrak jarraitzen zuen eta errepidea arriskutsua jarri zen. Erorketak ekiditzeko lehen postuetan joan behar izan zuten. Biak ala biak sailkatu ziren finalerako, baina hotzak irabazi zuen. Txito gelditu ziren biak, ezin gorputzari bueltarik eman eta finalean parte ez hartzea erabaki zuten.








   







Testua eta argazkiak: Xabi Aranburu

miércoles, 20 de febrero de 2013

JOKIN GARAILE ETA ARATZ BIGARREN VALENTZIAN


2013KO OTSAILAREN 17A

PISTA




Gipuzkoako selekzioaren taldea, Valentziako Luis Puig belodromoan izan da pasa den asteburu honetan. Zarauztarra txirrindulari taldeko Jokin Aranburuk eta Aratz Olaizolak bertan lehiatzeko aukera izan dute. Lehenengo aldia zen belodromo hau probatzen zutela, beste txirrindulari berriekin indarrak neurtuz.
            



Valentziako erkidegoan, Gipuzkoan Neguko Sariaren antzera, lau jardunalditako pistako liga bat jokatzen dute. Igande honetan, Salvador Melia Torneoak, ligako bigarren jardunaldia osatzen zuen.
            Lehenengo proba scracha izan zen, eta bien arteko esprint estu baten ondoren, Aratz gailendu zen, Jokin bigarren izanik. Bigarren proban, puntuaketan, ihesaldi luze baten ondorioz Jokin izan zen garaile hiru esprint irabaziz eta tropelari itzulia ateraz. Berarekin joandako iheskidea bigarren eta Aratz hirugarren izan zen.

            Bi proba hauetako emaitzak batuaz lortu zuen Jokinek konbinaketako garailea izatea, diploma moduko oroigarri bat eskuratuz. Aratz izan zen bigarren.
            

Abiadurako proba ere lehiatu zuten, baina honetan Valentziako txirrindulari batek hartu zien aurrea, Jokin final aurrekoan eta Aratz finalean kanporatuz.
         
   Aipatzekoa da zarauztarrez gain beste bi txirrindulariek osatu zutela Gipuzkoako kadeteen selekzioa, Asteasuko Aitor Irazu eta Donostiako Mikel Sarasola. Hauen lana lagungarria izan zen gure txirrindulariek emaitzak lortzeko garaian.      













Testua eta argazkiak: Xabi Aranburu

martes, 12 de febrero de 2013

TAFALLAN ERE ARATZ TXAPELDUN ETA JOKIN BIGARREN


2013KO OTSAILAREN 10A

PISTA

          
Asteburu honetan, Gipuzkoako hautatzaileak deituta, Zarauztarra taldeko Aratz Olaizola eta Jokin Aranburu, V Tafalla Saria lehiatzera joan ziren Nafarroako Miguel Indurain belodromora. Hemen ere bi zarauztarrak nagusi izan ziren beste txirrindularien artean. Gipuzkoakoez gain, Bizkaiako, Nafarroako, Asturiasko eta Balear uhartetako txirrindulariek hartu zuten parte jokatu ziren probatan.

           
Puntuak lortzeko balio zuten probak kadete mailan lau izan ziren; japoniarra eta scracha larunbatean, eta daniar kanporaketa eta puntuaketa igandean. Aratz, lautik hirutan izan zen garaile eta bigarren bestean. Jokinek bere aldetik bat irabazi eta beste hirutan bigarren izan zen. Hau da, proba guztietan lehen edo bigarren izan ziren zarauztarrak.

Xabier Gorrotxategi zarauztarra ere izan zen bertan, open mailan. Maila handiko txirrindulariekin lehiatu behar izan zuen lan txukun bat eginaz. Pixkanaka ari da forman jartzen eta maila zail honetara ohitzen.

Hau izan da gure bi kadete hauentzat aurtengo lehen irteera Donostiatik kanpora, beste txirrindulari batzurekin lehiatuz eta ikusi da maila ona dutela. Gero eta zailagoa izango da honelako postuak lortzea baina zihur gaude duten guztia emango dutela ahal den gorenera iristeko. Hurrengo deialdia datorren astebururako jaso dute. Estreinekoz Valenciako belodromoa ezagutzeko aukera izango dute Gipuzkoako selekzioaren eskutik. Zorte ona opa diegu.














Testua eta Argazkiak: Xabi Aranburu

sábado, 2 de febrero de 2013

ZIKLO-KROS DENBORALDI AMAIERA


Joan den igandean, Ispasterren eman genion amaiera ziklo-kros denboraldiari. Giro politarekin, zailtasun tekniko handirik ez zuen zirkuitoa topatu genuen bertan baina, maldan gora eta behera etengabe, neketsua egiten zen. Parte hartzaile gutxi izan ziren eta 18 txirrindulariek amaitu zuten proba.












Emaitzak honako hauek izan ziren:

1. Alex Aranburu Caja Rural 00:40:15
2. Eneko Corrales Mendiz Mendi-Petronor 22 seg.
3. Simon Bozar ZP Sport (Eslobakia) 2:05 min.
6. Asier Arana Zarauztarra 5:26 min.
10. Kepa Iribar Zarauztarra Itzuli 1era

Denboraldiari dagokionez, Euskadiko Txirrindularitza Federazioko 2013ko ziklo-kros torneoan honako laisterketek puntuatzen zuten: 


12.10.27 Lezamako III Ziklokross Ipar Kutxa Saria
12.11.18 Premio Ayto. Amorebieta
12.12.02 Legazpia
12.12.23 Juniors Oñati
12.12.30 Ormaiztegiko Ziklo kros 2012 Junior
13.01.05 Iturribero Durana I Ziklokrossa Juniors
13.01.19 III Berrizko Ziklo Kross
  13.01.27 Ispasterko Udala XXIV Saria Jun

55 txirrindulariek parte hartu dute torneo honetan, 37k punturen bat lortu dutelarik. Sailkapena honako hau izan da:

1. Alex Aranburu Caja Rural 78 puntu
2. Eneko Corrales Mendiz Mendi-Petronor 56 puntu
3. Oscar Malatsetxebarria Umpro 42 puntu
8. Asier Arana Zarauztarra 23 puntu 
24. Kepa Iribar Zarauztarra 3 puntu

Espainiako kopa sailkapenean berriz, 6 probek puntuatzen zuten, hauetako 4 Euskadin zirelarik. Asier 19. postuan geratu zaigu 7 punturekin, Felipe Orts, 117 punturekin, Diego Pablo Sevilla, 99 punturekin eta Alex Aranburuk, 81ekin, hurrenez hurren, lehen 3 postuak lortu dituztelarik.

Dena den, postuak postu, gustora ibili dira gure txirrindulariak. Denboraldiko inpresioaz Kepari galdetuta, “motza” izan da erantzuna; motza erantzuna, denboraldia bezala, baina gustoko dutenaren seinale. Datorren urtean hor izango ditugu beraz berriz eta taldea handituko denaren ustetan gaude. Aurtengoan, Jesus Aranak ere probatu du master 50ean eta lehenengoan bizikletaren arazoak medio, amaitzerik izan ez bazuen ere, ondoren Burgosera joan beste laisterketa batera, eta han bukatzea lortu zuen eta jarraitzeko gogotan ikusten dugu. Agian gazteren bat ere gehituko zaigu. Ea ba taldea handituz doan giro polita sortzen baita bertan, elkarri lagunduaz bizikleta aldaketetan, animoak emanaz, hamaiketako ederrak eginaz...


Orain, errepiderako prestaketari ekin beharko zaio.