Zarauztarra Txirrindulari taldeko junior mutilak Errenterian izan
zuten karrera igande arratsaldean. Gaintxurizketako gaina lau aldiz igarotzen
zuen 77 kilometroko ibilbidea bete zuten. Gipuzkoako 14 taldez gain, Bizkaiako,
Arabako, Nafarroako, Kantabriako eta Asturiasko beste 16 talde ere izan ziren
bertan. Guztira 174 txirrindulari irten ziren eta horietatik 80 inguruk amaitu
zuten proba.
Irteeratik
hasi eta bukaera arte ziztu bizian ibili ziren, 42 kilometro orduko
batezbestekoa lortu zutelarik ibilbidea osatu ondoren.
Ihesaldi
saiakerak izan ziren baina tropelarekiko, ez zuten 30 segundo baino alde
gehiagorik lortu. Azkenean denak bat eginik iritxi ziren eta tropeleko esprint
estu baten ondoren, kantabriako Angel Coterillo izan zen garaile eta ondoren bi
zarauztarrak, Aratz Olaizola bigarren eta Jokin Aranburu hirugarren. Joseba
Uzkudun aiarra 70. heldu zen tropelaren ondoren.
Infantilak eta
alebinak bikain Hondarribin
Denboraldiaren hasiera Hondarribin
izan zuten Zarauztarra taldeko infantil eta alebinak. Ilusioz gainezka ekin
zioten eta emaitza ezin hobea lortu zuten. Infantil mailan Mikel Uriartek
irabazi zuen eta Iñigo Eizagirrek hirugarren postua erdietsi zuen.
Larunbatean kadeteen
karrera Zarautzen
Kadete mailako karrera izango da
larunbat honetan Zarautzen. Zarauztar denok izango degu aukera ikuskizun
honetaz gozatzeko. Irteera goizeko hamarretan izango da Azken Portun, Juli-Juli
tabernaren aurretik. 52 kilometroko ibilbidea bete beharko dute: Zumaira
kostatik, ondoren bi zakila itzuli (Oikia-Aizarnazabal-Iraeta) eta berriz
kostatik itzuliko dira Zarautzera hamaikak eta laurden aldera. Helmuga Kikara
tabernaren aurrean egongo da.