domingo, 30 de marzo de 2014

ANTZUOLAN, UZARRAGAKO GAINAK ERABAKI ZUEN

2014KO MARTXOAREN  29A
JUNIORRAK  ERREPIDEAN
                Zarauztarra junior taldearentzat ez zen egun hain ona izan. Aratz Olaizolaren erorketa izan zen ezbeharrik handiena, Jokin Aranburuk ez zuen aurrekoetan bezain emaitza onik lortu nahiz eta lehen tropeltxoan iritsi, Joseba Uzkudunek lasterketa polita egin zuen eta Kepa Iribar etxean geratu zen, gaixorik eta lesionaturik.
                Euskal Herri guztitik etorritako 189 txirrindularik osatu zuten irteerako tropela. Ibilbidea, 81Km, Antzuola eta Oñati artean joan etorriak eta azkenik amaiera Urrazagako gainean, 2Kmko aldapa tentea.


               
                 Ez hotzik eta ez euririk, oraingo honetan indarrez jotzen zuen hego haizea izan zen txirrindularien etsaietako bat. Ohikoa den bezala, hasieratik izan ziren ihesaldi saiakerak baina oso zaila zen hauetakorik gauzatzea. 35. Km aldera, Aratz Olaizolak erorketa baten ondorioz, karrera utzi behar izan zuen. Zorionez, ez zuen min larriegirik hartu.


              
                 Azken kilometroetan, zortzi txirrindularik alde egin zuten tropeletik, eta hauetako lau, abantailarekin iritsi ziren Uzarragako mendateko lehen malda tenteetara; Mikel Alonso (Andoaingo), Xuban Errazkin (Bazpi), Xabier Contreras (Limousin) eta Cyril Barthe (UC Orthez).

               
                 Hauen atzetik ahalegindu ziren, bai Joseba Uzkudun eta bai Jokin Aranburu ere, baina aurrekoekiko  tartea handiegia zen harrapatu ahal izateko. Gainean, Cyril Barthe frantsesa izan zen nagusi, Mikel Alonsorekin esprinta lehiatu ondoren. Ilaran, bata bestearen atzetik, heldu ziren helmugara, amaitu zuten 126 txirrindulariak.


SAILKAPENA

1.Cyril Barthe (UC Orthez)                     2:01:00
2.Mikel Alonso (Andoaingo)                       db
3.Xabier Contreras (Limousin)                3 seg
20.Jokin Aranburu (Zarauztarra)    1 min 15 seg

50.Joseba Uzkudun (Zarauztarra)   3 min 47 seg


lunes, 24 de marzo de 2014

ARATZ OLAIOZOLA GARAILE DONOSTIAN

2014KO MARTXOAREN 23A
JUNIORRAK  ERREPIDEAN

              
                 Zarauztarra Txirrindulari Taldeko Aratz Olaizola izan zen garaile junior mailako Donostiako  lasterketan. Hotzak, euriak eta txingorrak nabarmenki gogortu zuten karrera, baina benetako protagonistak parte hartu zuten txirrindulari gazteak izan ziren, larunbat arratsaldean Bergaran lehiatu ondoren, igande goizean ohetik jaiki eta Donostiara joan beste lasterketa bat korritzera, hori da afizioa!            
                Egiako auzoan, 150 txirrindulari elkartu ziren irteeran eta 58ek bakarrik bukatu zuten. Oraingo honetan, Euskal Herriko txirrindulariez gain, Huescatik, Asturiastik eta Kantabriatik etorritako mutilak izan ziren bertan, eta baita ere, Alberto Contador fundazioaren junior taldea. Ibilbideak 85 Km zituen, 30 Km Donostiako kaleetan zehar eta ondoren Astigarraga aldean, Perurenaren gaina lau aldiz igaro behar izan zuten, Egiako helmugara iritsi aurretik.
                Donostiako kaleetan bizi-bizi ibili ondoren( txirrindularien herena kanporatua izan zen), Huesca La Magia taldeko Marti Marquez ihesi zen tropeletik.


                 Honen atzetik, Aratz Olaizola (Zarauztarra) eta Xuban Errazkin (Bazpi) irten ziren. Lehenengoak minutu bateko tartea lortu zuen zuen bikotearekiko eta bi minutu baino gehiagokoa tropelarekiko. Kilometro askotan mantendu ziren aldeak eta bazirudien honela iritsiko zirela Egiara, baina Aratzen ahaleginari esker eta Huescako txirrindulariaren gainbeheraren ondorioz, helmugarako kilometro gutxi faltan harrapatu zuten ihesaldiko protagonista. Gauzak honela, Aratzek lortu zuen besoak altxatzea helmugako pankarta azpian.

               
                 Jokin Aranburu tropelean iritsi zen, bertako esprinta irabaziz eta honela 6. postua bereganatuz. Joseba Uzkudun irten zen, baina Donostiako kaleetan zehar kanporatua izan zen. Kepa Iribarrek ez zuen parte hartu lesio bat medio.

              
                 Larunbat arratsaldeko Bergarako karreran, giroa berdintsua izan zen, hotza eta euria, eta txirrindulariak ere berdintsuak. Dirudienez Espainia aldekoak asteburua pasatzera etorri ziren. 178 txirrindulari izan ziren irteeran eta 82Km osatu zituzten, aldapa handirik ez eta ondorioz tropelean iritsi ziren. Esprintean Igeldoko Onditz Urruzmendik (Fullgas) irabazi zuen eta Zarauztarra taldeko Jokin Aranburu 5. sartu zen helmugan, 16. izan zen Aratz Olaizola eta 65. Joseba Uzkudun . Kepa Iribarrek ezin izan zuen amaitu, belauneko minez kexu, lasterketa utzi behar izan zuen.  


SAILKAPENA EGIA (DONOSTIA)
1.Aratz Olaizola (Zarauztarra)                      2:17:26
2.Xuban Errazkin (Bazpi)                                 3 seg
3.Marti Marquez ( Hueca La Magia)           20 seg

6.Jokin Aranburu ( Zarauztarra)       1 min 13 seg




martes, 18 de marzo de 2014

JOKIN ARANBURU ONENEN ARTEAN AZPEITIAN

2014KO MARTXOAREN 16A

JUNIORRAK  ERREPIDEAN

               
                 Zarauztarra taldeko Jokin Aranburuk 5. amaitu zuen Azpeitian lasterketa bikain bat osatu ondoren, eta oraindik ere emaitza hobea lortuko zuen helmuga ohiko lekutik aldatuta zegoela jakingo balu.
                Giro ederrarekin irten ziren Euskal Herri guztitik eta baita ere Kantabriatik etorritako 196 txirrindulari, aurrean 83 Km zituen ibilbidea gauzatzeko prest. Azpeititik irten, Azkoitia, Iraeta, Azkoitia eta Zumarraga igaro eta Beasaingo Salbatore auzotik, eguneko mendatea gainditu, hau da, Mandubiko gaina eta Urrestillatik Azpeitira itzuli beharra zuten.
                Ihesaldi saiakerak ibilbide osoan zehar izan ziren, baina aurrez ikusi bezala Mandubiko mendatea izan zen erabakigarria. Aldapan gora zihoazen heinean tropela luzatzen hasi zen. Gaina zeharkatzen lehena, Carlos Ruiz (Lizarte) izan zen, mendiko saria bereganatuz. Ondoren, 15 segundora, Jokin boskote baten buru eta segidan beste guztiak banaka edo taldetxoak osatuz.

               
                  Tarteak ez ziren handiak, ondorioz, Azpeitira bidean,  Nuarbeko urtegi inguruan, 20 txirrindulariko taldea elkartu zen aurrealdean. Nahiz eta batzuk tropeltxotik salto egiten saiatu, denak batera iritsi ziren Loiolako zuzengunera eta han, Jokinek eta beste batzuk esprinta lehiatu zuten urtero helmuga izaten den tokian, txaloka zegoen jende ugariren aurrean, baina aurten helmuga inguruko kale batean jarria zegoen inongo iragarpenik egin gabe. Bigarren esprint jarraian, bosgarren iristea lortu zuen Jokinek.

                
                 Aratz Olaizolak lehen kilometroetan bizikletako katea hautsi zuen eta karreratik kanpo geratu zen. Beste aldetik, Kepa Iribarrek eta Joseba Uzkudunek, ibilbide osoa betetzea lortu zuten, pixkanaka sasoi hobean direla erakutsiaz. 125 txirrindularik amaitu zuten proba.



SAILKAPENA

1.Alfonso Gutierrez (Banco Santander)     2:05:46
2.Yeray Dominguez (Arabarrak)                    db
3.Ibai Azurmendi (Quesos Albeniz)                db
5.Jokin Aranburu (Zarauztarra)                 db
90.Kepa Iribar (Zarauztarra)                 5min 24seg
96.Joseba Uzkudun (Zarauztarra)        7min 6seg

MENDIKO SARIA


1.Carlos Ruiz (Lizarte)



 

lunes, 10 de marzo de 2014

ARATZ OLAIZOLAREN LEHEN GARAIPENA JUNIOR MAILAN

2014KO MARTXOAREN 9A, JUNIORRAK ERREPIDEAN

               
            Zarauztarra taldeko Aratz Olaizolak lortu zuen garaipena Errenterian ospatutako junior mailako lasterketan. Denboraldiko bigarren saioan eta lehenengo urtekoa izanda, ez da makala txirrindulari honek duen meritua.
Euskal Herriko lurralde guztietatik etorritako 148 txirrindulari elkartu ziren Errenterian,70km zituen ibilbidea gauzatzeko, Oiartzun aldean, bide estuetatik, lau bira eta Gaintxurizketa gaina hiru aldiz.
Eguneko ihesaldia, irteera bertatik hasi zen osatzen. Lehenik bi txirrindulari irten ziren tropeletik, ondoren Aratz gehitu zitzaien eta azkenik seikote bat osatu zuten. Tropelarekiko aldea 26  eta 45 segundo artekoa izan zen ia karrerak iraun zuen denbora guztian


Azken itzulian, bost txirrindularik osatzen zuten ihesaldia; Aratz Olaizola(Zarauztarra), Mikel Alonso(Andoaingo), Oier Ibarguren(Atracciones Sanz), Eneko Aramendia(Quesos Albeniz) eta Gorka Etxabe(Viveros San Anton). Tropelarekiko tartea minutura igo zenez, beraien arteko esprintak erabakiko zuen garailea nor izan eta azkarrena helmugan Aratz Olaizola izan zen .


Zarauztarra taldeko Jokin Aranburu, Kepa Iribar eta Joseba Uzkudun ere bertan izan ziren. Jokin, karrerako une batean, saiatu zen ihesaldikoekin bat egiten baina ezinezkoa izan zitzaion. Azkenean  tropelean iritsi zen, bertako esprinta irabaziz. Kepak eta Josebak zorte txarra izan zuten, erorketa jendetsu baten ondorioz, denbora asko galdu eta kanporatuak izan ziren. 66 txirrindularik bakarrik lortu zuten karrera amaitzea.  


SAILKAPENA
1.Aratz Olaizola-Zarauztarra-                        1:37:37
2.Mikel Alonso-Andoaingo-                              db
3.Oier Ibarguren-Atracciones Sanz-                   db

12.Jokin Aranburu-Zarauztarra-                 1min 7seg