lunes, 24 de marzo de 2014

ARATZ OLAIOZOLA GARAILE DONOSTIAN

2014KO MARTXOAREN 23A
JUNIORRAK  ERREPIDEAN

              
                 Zarauztarra Txirrindulari Taldeko Aratz Olaizola izan zen garaile junior mailako Donostiako  lasterketan. Hotzak, euriak eta txingorrak nabarmenki gogortu zuten karrera, baina benetako protagonistak parte hartu zuten txirrindulari gazteak izan ziren, larunbat arratsaldean Bergaran lehiatu ondoren, igande goizean ohetik jaiki eta Donostiara joan beste lasterketa bat korritzera, hori da afizioa!            
                Egiako auzoan, 150 txirrindulari elkartu ziren irteeran eta 58ek bakarrik bukatu zuten. Oraingo honetan, Euskal Herriko txirrindulariez gain, Huescatik, Asturiastik eta Kantabriatik etorritako mutilak izan ziren bertan, eta baita ere, Alberto Contador fundazioaren junior taldea. Ibilbideak 85 Km zituen, 30 Km Donostiako kaleetan zehar eta ondoren Astigarraga aldean, Perurenaren gaina lau aldiz igaro behar izan zuten, Egiako helmugara iritsi aurretik.
                Donostiako kaleetan bizi-bizi ibili ondoren( txirrindularien herena kanporatua izan zen), Huesca La Magia taldeko Marti Marquez ihesi zen tropeletik.


                 Honen atzetik, Aratz Olaizola (Zarauztarra) eta Xuban Errazkin (Bazpi) irten ziren. Lehenengoak minutu bateko tartea lortu zuen zuen bikotearekiko eta bi minutu baino gehiagokoa tropelarekiko. Kilometro askotan mantendu ziren aldeak eta bazirudien honela iritsiko zirela Egiara, baina Aratzen ahaleginari esker eta Huescako txirrindulariaren gainbeheraren ondorioz, helmugarako kilometro gutxi faltan harrapatu zuten ihesaldiko protagonista. Gauzak honela, Aratzek lortu zuen besoak altxatzea helmugako pankarta azpian.

               
                 Jokin Aranburu tropelean iritsi zen, bertako esprinta irabaziz eta honela 6. postua bereganatuz. Joseba Uzkudun irten zen, baina Donostiako kaleetan zehar kanporatua izan zen. Kepa Iribarrek ez zuen parte hartu lesio bat medio.

              
                 Larunbat arratsaldeko Bergarako karreran, giroa berdintsua izan zen, hotza eta euria, eta txirrindulariak ere berdintsuak. Dirudienez Espainia aldekoak asteburua pasatzera etorri ziren. 178 txirrindulari izan ziren irteeran eta 82Km osatu zituzten, aldapa handirik ez eta ondorioz tropelean iritsi ziren. Esprintean Igeldoko Onditz Urruzmendik (Fullgas) irabazi zuen eta Zarauztarra taldeko Jokin Aranburu 5. sartu zen helmugan, 16. izan zen Aratz Olaizola eta 65. Joseba Uzkudun . Kepa Iribarrek ezin izan zuen amaitu, belauneko minez kexu, lasterketa utzi behar izan zuen.  


SAILKAPENA EGIA (DONOSTIA)
1.Aratz Olaizola (Zarauztarra)                      2:17:26
2.Xuban Errazkin (Bazpi)                                 3 seg
3.Marti Marquez ( Hueca La Magia)           20 seg

6.Jokin Aranburu ( Zarauztarra)       1 min 13 seg




No hay comentarios: