domingo, 24 de mayo de 2015

LEGAZPIN JOKIN ARANBURU GARAILE ETA ARATZ OLAIZOLA LAUGARREN

2015EKO MAIATZAREN 23A


Zarauztarra txirrindulari taldeko juniorrak Legazpin izan zuten karrera larunbatean. Giro lehorra lagun zutela, Nafarroatik, Arabatik, Iparraldetik eta Gipuzkoatik etorritako 124 txirrindularik hartu zuten parte lasterketan. 77 kilometroko ibilbidea zuten aurretik eta hiru mendate gainditu beharra, Atagoiti bi aldetatik eta Izaga.
Ordu erdiko atzerapenarekin irten ziren karrerako medikua falta zelako. Itxaron aldiak eraginda edo, ziztu bizian bete zituzten hasierako kilometroak eta Atagoitiko lehen  igoeran txirrindulari asko atzean gelditzen ari ziren.
Zortzikote batek aurrea hartu zion tropelari. 25 segundoko abantaila ere izan zuten baina Atagoitiko bigarren igoeran tropelaren abiadurak bertan behera bota zuen ihesaldia. Gaina igarotzerakoan 19 txirrindulariz osatutako taldetxo bat zen lasterketa buru, horien artean, Jokin Aranburu eta Aratz Olaizola zirekarik.


Gainetik helmugaraino bost kilometro gelditzen ziren eta azken laurehun metroak maldan gora ziren. Amaiera mota honetan ondo moldatzen da zarauztar bikotea eta hala izan zen. Jokin Aranburu nagusitu zen azken esprintean eta Aratz Olaizolak laugarren zeharkatu zuen helmugako marra. Joseba Uzkudunek ezin izan zuen amaitu lasterketa. 48 txirrindularik bakarrik bukatu zuten, batez besteko abiadura, orduko 42,4 kilometrokoa izan zelarik.


Pasa den aste honetan, Salvador Meliák ( Espainiako pistako hautatzaileak) deituta, Aratz Olaizola  Mallorcako kontzentrazioan izan da entrenatzen. Jokin Aranburu ere deitu zuen baina ikasturte amaierako azterketak direla eta etxean geratu behar izan zuen. Ekainaren 12an izango dute beste aukera bat Mallorcara joateko . Orduan jakingo dugu Europako Pistako Txapelketetara zarauztarrak joango diren ala ez.
Bestalde, ekainaren 7an, Nafarroako Caparroso herrian, Euskadiko banakako erlojupeko txapelketa lehiatuko da. Jokin Aranburuk bertan parte hartzeko aukera izango du Gipuzkoako hautatzaileak erabakita.

ZARAUZTAR INFANTILAK NAGUSI



Zarauztarra taldeko infantilen emaitzak ere bikainak ari dira izaten. Astea joan eta astea etorri, Mikel Uriarte eta Iñigo Eizagirre, eskualdeko lehiaketetan podiumeko gorenera igotzen txandakatzen ari dira. Azkenekoa, larunbateko  Astigarragako karreran, Mikel Uriarte izan zen garailea.



No hay comentarios: