lunes, 3 de agosto de 2015

JOKIN ARANBURU TXAPELDUN ETA ARATZ OLAIZOLA TXAPELDUNORDE EUSKADIKO PISTA TXAPELKETAN, JUNIOR MAILAN

2015EKO UZTAILAREN 31A


                 Gazte mailako Euskadiko Pista Txapelketa ostiralean lehiatu zuten Donostiako Anoetako belodromoan. Zarauztar bikotea nagusi izan zen, azken denboraldietan gertatu den bezala. Hala ere ez zen erraza izan, Luis Mari Garikano (Limousin) arerio gogorra izan zuten lehiaketa osoan eta azken une-arte.
                Omnium modalitatean lehiatzen da txapelketa, hau da, bost proba ezberdin jokatu ondoren, puntu gehien lortzen duen txirrindularia izaten da garailea.
                Goizeko lehen proba scratcha izan zen eta Aranburu irabazi zuen, bigarren Garikano izan zen eta hirugarren Olaizola. Hurrengo proban, banakako jazarpenean (3km), Garikanok egin zuen denborarik onena (3:37,440), ondoren Olaizolak (3:37,880) eta hirugarren Aranburuk (3:38,490). Bi proba hauen ondoren, garbi ikusi zen hirukote hau zela indartsuena.
                Arratsaldea, abiadurako 200 metroekin hasi ziren. Julen Mundin (Laguntasuna) izan zen azkarrena (11,110 seg), Aranburu hirugarren (11,440), Olaizola laugarren (11,470) eta Garikano bosgarren (11,500). Ondoren kilometroan Aranburu nagusitu zen (1:08,240), Olaizola bigarren izan zen (1:09,110) eta Garikano laugarren (1:10,590).
                Lau proba lehiatu ondoren, sailkapen orokorrean Jokin Aranburu zen lehena, bigarren Aratz Olaizola 6 puntura eta hirugarren Luis Mari Garikano 8 puntura. Puntuaketako lasterketa (25km) gelditzen zen eta kontuan hartuta bertan lortzen diren puntu guztiak kontatzen direla, txapelketa irekia zegoen oraindik. Garikano ia etengabe saiatu zen itzulia ateratzen, hala 20 puntu lortu ahal izateko baina ezinezkoa egin zitzaion. Tarteko esprintetan bildutako puntuei ezker Olaizola izan zen puntuaketan garaile, bigarren izan zen Aranburu baino 5 puntu gehiagorekin.

              
                 Proba guztiak jokatu eta gero, Jokin Aranburuk pilatu zituen puntu gehien eta honela Euskadiko pistako txapelduna izatea erdietsi zuen. Aratz Olaizolak txapeldunorde amaitu zuen puntu bakar batera.


              
                Belodromoa alde batera utzi eta datorren igandean hilaren 9an, goizeko 10etan hasita, errepideko Euskadiko txapelketa lehiatuko dute Zumaian. 120 km izango ditu ibilbideak eta Miako gaina bi aldiz eta Garateko gaina behin gainditu beharko dituzte. Zarauztik bi aldiz igaroko dira.


No hay comentarios: