miércoles, 20 de enero de 2010

Espainiako selekzioak ez du Oier Iraolagoitia hautatu Munduko ziklo-kross txapelketarako

(Sasoian aldizkarian argitaratua 2010-01-20an)





Espainiako Txirrindularitza Federazioak selekziotik kanpo utzi du Oier Iraolagoitia eta ondorioz, ez da hilaren 30en eta 31n Txekiar Errepublikan jokatuko den Munduko Ziklo-Kros Txapelketan izango. Zarauztarra kirol elkarteko txirrindulariak denboraldi biribila osatu du aurten junior mailan, baina «arrazoi logikorik» eman gabe selekziotik baztertu dute.

Guztira, lau lagun hautatu dituzte Txekiarako. Espainiako Txapelketa podiuma osatu zuten Jon Ander Insausti, Peio Goikoetxea eta Paulo Gonzalez zuzenean sailkatu ziren. Laugarren hautatua irizpide teknikoen arabera aukeratu du Federazioak, eta Espainiako Txapelketan 54. postuan sailkatu zen Pablo Rodriguez eramatea erabaki du. Iraolagoitiak, aitzitik, Rodriguezek baino emaitza hobeak lortu ditu denboraldian zehar eta ez du ulertzen hautatzaileren jarrera. Izan ere, besteak beste, Espainiako Txapelketan laugarren helmugaratu zen eta Espainiako Kopa zirkuitua irabazi du».


Federazioa «gezurretan»
Berri txarra jaso bezain pronto, Espainiako hautatzaileari deitu ziola dio txirrindulari gazteak, eta honek emandako azalpenak zur eta lur utzi zutela: «Urte bukaeran, Euskadiko Txapelketa jokatu eta hurrengo egunean, Belgikara joan ginen Espainiako selekzioarekin, nazioarteko bi lasterketa korritzera. Bada, hango egonaldian gogorik gabe jardun nintzela eta lasterketa hasi baino lehen ez nuela beroketarik egin aurpegiratzen dizkit. Gezur hutsa guztia! Hain zuzen ere, bi lasterketen aurretik arrabolan berotzen aritu zen bakarra ni neu izan nintzen».
Kirol ikuspegitik begiratuta, Belgikakoa esperientzia gazi-gozoa izan zen Iraolagoitiarentzat. Lehen lasterketan, 37. postuan sailkatu zen eta bigarrenean, berriz, 10. postuan. Hainbat eragozpen izan zuen batean zein bestean, baina uneoro guztia ematen saiatu zela arrazoitzen du.


«Kasurik egin gabe»
Lehen proban, bizikletaren martxak aldatzeko gailuak arazoak eman zizkion irteeratik eta box eremura iritsi arte garapen arinean korritu behar izan zuen. «Ezustekoak azken postuan kokatu ninduen, baina behin arazoa konponduta, 37. posturaino igo nintzen. Orain, besteekiko denbora asko galdu nuela esan didate, baina lasterketa bukatutakoan ez zidaten kasurik egin, ezta zer gertatu zitzaidan galdetu ere», dio txirrindulariak.
Bigarren lasterketan zorte hobea izan zuen: «Buru zihoan tropeltxo batean sartu nintzen, baina txirrindulari belgiar batek bultza egin eta lurrera erori nintzen. Hala, taldetxoa galdu eta euren atzetik bakarka osatu behar izan nuen lasterketa, 10. sailkatuz».
Orain, ordea, gogorik ez zuela jarri diote: «Gezurrak gezurraren gainean botatzen ari dira, baina azalpenak eskatu dizkiedanean ez dakite zer erantzun».�

Oier Iraolagoitia, txirrindularia: «Interes politikoengatik edo ez dakit zergatik, txakurkeria galanta egin didate, egia esan»
Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteko kirolari Oier Iraolagoitia (Zarautz, 1992) amorruz beteta dago Espainiako Federazioak eta hautatzaileak hartutako erabakiarekin. Baina are haserreago agertu da eman dizkioten argudioekin. Une honetan, ordezkoen zerrendan dago, baina ez du uste aukerarik izango duenik.
Federazioak hartu duen erabakiaren atzean interes berezirik dagoela uste al duzu?
Interes politikorik izango da tartean. Izan ere, Espainiako selekzioak hautatu dituen hamalau txirrindularietatik sei euskal herritarrak dira; bina elite, 23 urtez azpiko eta jubenil mailetan, alegia. Ni neu ere hautatzen baninduten, selekzioaren erdia euskal txirrindulariok osatuko genuke. Eta Euskal Herriko horrenbeste ordezkari ez eramateagatik, hainbat aitzakia asmatu eta selekziotik kanpo utzi naute.
Atzerabueltarik edo zuzenketarik izan al dezake erabaki horrek?
Ez zait iruditzen. Orain, erreserba gisa utzi naute, norbaiti zerbait pasatzen bazaio ordezkatzeko. Hala eta guztiz ere, ez dut uste aldaketarik edo zuzenketarik izango denik. Espainiako Txapelketan lehen hiru postuetan sailkatzen zirenak zuzenean hartuko zituztela jakinarazi ziguten hasieran, eta laugarren hautatua erabaki teknikoz aukeratuko zutela. Txapelketa horretan laugarren postuan helmugaratu nintzen eta aukeratu duten laugarren hautatua (Pablo Rodriguez), berriz, 54. postuan. Gainera, orain arte nire aurretik ibili baldin bazen, bada, ulertuko nukeen. Baina hori ez da hala izan.
Egindako ziklo-kros denboraldi bikainaren ondoren, sekulako kolpea izango zen, ezta?
Txakurkeria galanta egin didate, egia esan, eta pena ikaragarria dut. Urte osoa Munduko Txapelketara joateko prestatzen aritu naiz, helburu hori buruan nuela, eta hori lortzeko atarian nengoela, interes politikoengatik edo ez dakit zergatik, baztertu egin naute. Arrazoi logikorik, behintzat, ez didate eman. Orain, gutun bat bidali diot Espainiako Federazioari, hartutako erabakia zuzen dezan, baina ez dut inolako erantzunik jaso.
Euskal Federazioak zer-nolako jarrera hartu du honen guztiaren aurrean?
Guk dakigula ez dit babes handirik eman. Ez da kexatu Espainiako Federazioaren aurrean, eta bi aldeon erdian geratu da besterik gabe. Behin baino gehiagotan hitz egin dut Espainiako Federazioko ziklo-kroseko presidentearekin eta hautatzailearekin, baina inork ez du erantzukizunik hartu nahi. Horretan aritu gara, baina jada etsi dugu.
Eta hemendik aurrera zer?
Ziklo-kros denboraldia Munduko Txapelketarekin bukatuko da, baina asteburu honetan bi lasterketa ditugu: bata, Burgosen eta bestea, Ispasterren. Bigarrena nazioarteko proba da eta selekzioak hautatu duen laugarrena bertan izango da. Nire asmoa bere aurretik sailkatu eta hautatzailea lotsagarri uztea da, nahiz eta ez nauen Txekiara eramango. Azken finean, hautatu dituzten txirrindulariek ez dute inolako errurik. Baten batek bere tokia lagako didala ere esan dit, baina hori ez da kontua. Hautatzailea eta bere erabakia dira gakoa.

No hay comentarios: