lunes, 20 de enero de 2014

ARATZ OLAIZOLA GIPUZKOAKO PISTA SARIAREN GARAILE

2014KO URTARRILAREN 18A

              
                  Bi hilabetetan zehar, 9 jardunaldi lehiatu ondoren, junior mailako Gipuzkoako Pista Sariaren garailea izan da Aratz Olaizola. Erregulartasun handia behar da honelako torneo bat irabazteko, astea joan eta astea etorri, proba guztietan pistako tropeltxoaren muturrean ibili behar da. Oraindik eta merezimendu handiagoa du, Aratz bezala, junior mailan lehen urtekoa izanda.               

              
           
      Aurreneko hiru jardunaldiak jokatu ondoren ikusi zen, aurtengo sariaren garaipena bi txirrindularien artean erabakiko zela, Igeldoko Onditz Urruzmendi (Fullgas.org) eta Aratz Olaizola (Zarauztarra). Bien arteko esprint dotoreak  ikusi ditugu Anoetako belodromoan, markaketa estua eta lehia bizia.

              
                Hasiera batean, Onditz oso indartsu hasi zen, behar bada, bigarren urtekoa izanda esperientziak ematen duen abantailagatik, baina jardunaldiak aurrera zihoazen heinean, pixkanaka, Aratzek gero eta sasoi puntu hobea hartzen joan da eta laugarren jardunalditik aurrera sailkapeneko lehen postuaren jabea izan da, gero eta puntu gehiagoren aldearekin. Azkeneko egunean, larunbatean, indar erakustaldia egin zuen Aratzek, Daniar Kanporaketa eta Scratcha irabaziaz, garbi utziaz merezimendu osoz irabazten zuela Gipuzkoako Pista Saria.

                
                Junior mailan jarraituz, Zarauztarra taldeko Jokin Aranburu, Joseba Uzkudun eta Xuban Aizpurua ere izan dira Gipuzkoako Pista Saria lehiatzen. Jokin ez da jardunaldi guztietara joan, pixkanaka ari da sasoi puntu ona lortzen eta zenbait proba irabazi ditu,azkenean, seigarren amaitu du. Josebak ez du kalerik egin eta gero eta hobeto ibili da hainbat ihesalditan parte hartuz. Xubanen helburua berriz, BTTko lasterketetarako sasoi ona bilatzea izan da.

              
               Kadete mailan, bi zarauztarrek hartu dute parte; Alex García eta Ander Zumeta.  Bientzat izan da berria pistako modalitate hau, gustura ibili dira eta esperientzia hartu dute torneo honetan lehiatuz. Errepideko lasterketetarako ondo baino hobeto etorriko zaie egindako entrenamenduak.


               
             Datorren igandean, Urtarrilaren 26an, Kluben Gipuzkoako Txapelketaren 2. Jardunaldia jokatuko dute Zarauztarra taldeko juniorrak. Gogoratu, 1. jardunaldiaren ondoren lehenengo postuan direla, txapeldunak izateko aukera argiekin. Bestalde, Otsailaren 1ean eta 2an, banakako Gipuzkoako Txapelketa izango da, bai kadete mailan eta bai junior mailan. Animo eta zorte on Zarauztarra taldeko txirrindulariei.

            
SAILKAPEN OROKORRA

JUNIOR
1. Aratz Olaizola (Zarauztarra)      337 puntu
2. Onditz Urruzmendi (fullgas.org)    304 puntu
3. Gorka Etxabe (Viveros San Anton)   271 puntu
6. Jokin Aranburu (Zarauztarra)     183 puntu
17. Joseba Uzkudun (Zarauztarra)     90 puntu
21. Xuban Aizpurua (Zarauztarra)     82 puntu


KADETE
1. Gorka Urkiola (Grosgreencenter.com)    355 puntu
2. Gari Lagnet (Aviron Bayonnais)    330 puntu
3. Iñigo Etxarri (Grosgreencenter.com)    320 puntu
18. Ander Zumeta (Zarauztarra)    155 puntu

21. Alex García (Zarauztarra)    146 puntu












No hay comentarios: