lunes, 4 de agosto de 2014

JOKIN ARANBURU EUSKADIKO PISTA TXAPELDUNA

             
                Ostiralean, abuztuaren 1ean, Bizkaiko Berrizko Marino Lejarreta belodromoan, junior eta eliteko Euskadiko Pista Txapelketa lehiatu zuten. Zarauztarra txirrindulari taldeko Jokin Aranburuk eta Aratz Olaizolak, Gipuzkoako selekzioarekin hartu zuten parte txapelketa honetan. Gipuzkoako taldeaz gain, Bizkaiko eta Nafarroako txirrindulariak izan ziren bertan.
                Bost proba lehiatu behar izan zituzten.  Bakarka: 200 metro, 1 kilometro eta banakako jazarpena (3Km) . Tropelean:  puntuaketa eta scratcha.  Txapelketa omnium modalitatean erabakiko zen, hau da, proba guztien emaitzak kontuan hartuta.
                Berrizko belodromoa estali gabekoa denez eta euriaren arriskua aurreikusirik, epaileek, egun guztirako prestatutako egitaraua, goizean hasi eta jarraian osatzea erabaki zuten. Gainera, lehenago bukatze arren, juniorrak eta elite mailakoak, tropelean egiten diren probak batera lehiatzea oniritzi zuten.
                Lehenengo hiru probak lehiatu ondoren, 200M, puntuaketa eta banakako jazarpena, scratcharen txanda iritsi zen. Mutilak nekea sumatzen hasiak zirenean, probaren erdi aldera, euri tantak egin zuten presentzia eta une horretan Aratz Olaizolaren erorketa gertatu zen. Epaileek proba geldiarazi zuten eta Aratzek bertan behera utzi behar izan zuen txapelketa.
                Euriak ez zuen denbora asko iraun, eta egiten zuen beroak ordu erdi batean pista lehortu zuen, ondorioz lehiaketak aurrera egin zuen eta scratch proba amaitzeko falta ziren 27 itzuliak osatu zituzten.
                Txapelketa amaitzeko Kilometroko proba falta zela, Jokin Aranburu zarauztarra eta Gorka Etxabe Aizarnazabaldarra, berdinduta ziren sailkapen orokorreko lehen postuan. Biak batera lehiatu behar izan zuten proba, Gorka metan eta Jokin kontrametan hasi zirelarik. Nahiz eta Gorka azkarrago hasi, Jokin Aranburu izan zen lehena kilometroa osatzen, ondorioz, Euskadiko Pista Txapeldun tituloa bereganatu zuen  bigarren aldiz jarraian, iaz kadete mailan eta aurten junior mailan.

                Pistako denboraldia amaitzeko, Espainiako Txapelketak dituzte zain Jokin Aranburuk eta Aratz Olaizolak. Madrilgo Galapagar belodromoan ospatuko dira, abuztuaren hirugarren astean. Zorte on zarauztar bikoteari. 

No hay comentarios: