martes, 14 de abril de 2015

JOKIN ARANBURU GARAILE ETA ARATZ OLAIZOLA BIGARREN ELGOIBARREN

2015EKO APIRILAREN 12A



            Igande arratsaldean, giro ederrak lagunduta, Elgoibarren izan zuten karrera Zarauztarra txirrindulari taldeko mutilak. Jardunaldiak bi aurpegi zeharo desberdinak izan zituen taldearentzat. Alde ona, Jokin Aranbururen junior mailako lehen garaipenak eta Aratz Olaizolaren bigarren postuak osatu zuten, baina alde txarra, Joseba Uzkudun aiarraren erorketak bete zuen. Ospitalera eraman behar izan zuten eta hainbat proba egin ondoren  eskumuturra hautsia  zuela ondorioztatu zuten sendagileek. Besarkada bat berarentzat,eta  ea lehenbailehen osatu eta errepidean bere taldekideekin ikusten dugun.
Elgoibarko irteeran 93 txirrindulari elkartu ziren, gipuzkoarrez gain, Bizkaitik, Arabatik eta Kantabriatik etorritakoak. Aurrean, 92 kilometroko ibilbidea zuten, Debako bailaran gora Arrasateraino eta gero behera Debaraino , ondoren, Mutrikutik Kalbarioko gaina gainditu eta Elgoibarren amaitu.
Arrasatera iristerako eguneko ihesaldia eratu zen. Lau txirrindularik osatu zuten taldetxoa. Tropelarekiko minutu eta erdiko aldea izatera iritsi ziren. Bai zarauztarrak eta bai beste batzuk ere ahalegindu ziren ihesaldia zapuzten baina errepidea maldan gora ipini arte ezinezkoa izan zen.  Mutrikuko kaleetan abantaila minutu erdira jaitsia zuten. Orduan, Kalbarioko mendatean , nabarmendu ziren zarauztarrak. Jokin Aranburuk, gaina hartzerako, ihesaldiko taldetxotik geratzen zen bakarra harrapatu zuen, eta jaitsieran, Aratz Olaizolak bat egin zuen aurreko bikotearekin.


Kalbario jaitsi eta Elgoibarrerako bidean,atzetik zetozen hamar bat txirrindulari elkartu zitzaizkien. Hauen artean lehiatu beharko zutela garaipena aurre ikusten zen, ziurrenik esprintean, eta argi ikusi zen zarauztar bikotea trebea dela amaiera mota hauetan. Helmugan,  Jokin Aranburuk irabazi zuen eta  Aratz Olaizola izan zen bigarren.


Errepideaz gain, pistan ere saiatzen dira Jokin eta Aratz. Pasa den astean Valencian izan dira. Europako Pista Txapelketarako aurre hautaketa probak egin zituzten, Espainiako hautatzailea den Salvador Meliaren begiradapean. Erantzunaren zain daude ilusio handiz. Aukeratuak izanez gero, Mallorcara deituko dituzte entrenatzera.
Bestalde, apirilaren 26an, igande goizez, Zarautzen izango da junior mailakoen karrera. Pagoeta tabernaren (munoa) aurretik irtengo dira txirrindulariak goizeko 10:00etan, 12:00ak aldera, Eguzki tabernaren parean izango dute helmuga. Ibilbideak 82 km izango ditu, Meagas gainetik pasako dira eta bukaera aldera baita Garate gainetik.

No hay comentarios: