martes, 21 de abril de 2015

URRETXUN ERE BI ZARAUZTARRAK PODIUMEAN, JOKIN 2. ETA ARATZ 3.

2015EKO APIRILAREN 19A

                 Pasa den aste buruan, igande arratsaldean, Urretxun izan zuten karrera Zarauztarra taldeko junior mailako txirrindulariak. Eguraldi benetan txarra, euri asko eta une batean txingorra ere jasan behar izan zuten lehiatzera hurbildu ziren 104 mutilak.
                Ibilbideak 83km zituen, Urretxutik Azkoitira joan etorria Urola bailaran zehar, ondoren Ormaiztegira eta handik hasita Atagoitiko gaina gainditu eta Legazpitik Urretxura. Helmuga,  300 metroko aldapa baten ondoren zegoen kokatuta.
                Azkoitira bidean, maldan behera, ziztu bizian joan zen tropela. Itzuleran, maldan gora, ihesaldi ahaleginen garaia iritsi zen baina ez zuen inork benetan ihestea lortu.
                Atagoitiko mendateak egin zuen aukeraketa, ez da aldapa oso gogorra baina bai luzea(9km). Gainetik igarotzean, 25 bat txirrindularik osatzen zuten aurrean zihoan tropela. Jaitsiera arriskutsu eta labur baten ondoren, Legazpitik barrena Urretxura heldu zen tropeltxoa eta han, azken aldapak jarriko zuen bakoitza bere tokian. Iñigo Elosegi bizkaitarra izan zen lehena, bigarren Jokin Aranburu eta hirugarren Aratz Olaizola. Jarraian, bi aste buruetan zehar, zarauztar bikoteak izan dituen emaitzak ikusita, sasoi puntu ederrean daudela esan dezakegu.


Iñigo Elosegi, bizkaitar mutiko honek, aipamen berezia merezi du. Junior mailan lehen urtekoa da, dagoenekoz gutxienez hiru karrera irabazi ditu eta orain dela aste bat, Espainiako selekzioarekin junior mailako Paris-Roubaix lehiatu du, proba 35. postuan amaituaz.

               
                Pistari begira, aste honetan asteartetik larunbatera arte, Jokin eta Aratz Mallorcara doaz. Salvador Melíak, Espainiako pistako hautatzaileak deituta, entrenamenduak burutuko dituzte bertako Palma Arena belodromoan, uztailean jokatuko diren Europako Pista Txapelketetarako prestatzeko helburuarekin.

                Bestalde gogoratu, igande honetan, apirilaren 26an, Zarautzen izango dela junior mailakoen lasterketa. Goizeko 10:00etan irtengo dira Nafarroa kaletik, bertan amaitzeko  12:00ak aldera.       


 

No hay comentarios: