miércoles, 29 de abril de 2015

ZARAUZKO KARRERAN IHESALDIA IRITSI ZEN HELMUGARA

2015EKO APIRILAREN 26A


                XXVII Udaberri Saria,junior mailako txirrindulari lasterketa, Zarautzen lehiatu zuten igande goizean. Tarteka euria ari zela argitu zuen egunak, ala ere ibilbidean zehar ez zen traba izan ikuskizun ederraz gozatzeko. Euskal Herriko bazter ugaritik etorritako 127 txirrinduari elkartu ziren Munoan lasterketari hasiera emateko.
                84 kilometroko ibilbidea zuten aurrean, horien artean bi gain igaro beharrak, Mia eta Garateko gaina.
                Hasieratik hasi ziren mugimenduak tropelaren aurrealdean. Pixkanaka eguneko ihesaldia osatzen joan zen, 18 txirrindulariko talde bat eratu zelarik. Zumaiatik zehar zakila itzulia egin eta Zarauztik igarotzean, Mia igotzen hasi aurretik, minutu eta hamar segundoko aldea zeramatzaten tropelarekiko. Mia igo eta jaitsi ondoren aldeak behera egin zuen nabarmen 18 segundo izateraino. Bazirudien tropelak ihesaldia irentsiko zuela, baina ez zen horrela izan. Berriz ere denbora tarteak gora egin zuen eta Getariatik pasatzean, Garateko malden aurretik, ihesaldiko taldearen abantaila minutu eta erditik gorakoa izatera iritsi zen. Tamalez, Jokin Aranburu eta Aratz Olaizola, zarauztarrak, tropelean zihoazen eta nahiz eta ihesitakoak harrapatzen ahalegindu, karrera irabazteko aukerak gutxituak zituzten ordurako.

               
                Garateko igoerak 12 txirrindulari izateraino murriztu zuen aurreko taldea. Hauek izan ziren Zarautzera iristen lehenak eta esprintean garaipena lehiatzeko aukera izan zuten. Azpeitiko Oier Ibarguren (Atracciones Sanz) izan zen garailea, Aitor Rodriguez (Arabarrak) bigarrena eta Julen Umerez (Ulma) hirugarrena. Minutu eta erdiko atzerapenarekin heldu zen tropela. Bertako esprintean Jokin Aranburu nagusitu zen (17. postuan) eta ondoren Aratz Olaizola sartu zen helmugan (21. postuan).


              
               Datorren larunbatean, maiatzaren 2an, Gipuzkoako XXI Klasika lehiatuko dute zarauztar txirrindulariak. Lazkaotik Lazkaomendira doa ibilbidea. Batetik bestera ez daude kilometro asko, baina txirrindulariak lau mendate gainditu eta 116 km egin beharko dituzte Lazkaoko irteeratik Lazkaomendiko helmugara iristeko. Gainera, Espainiako txirrindulari talde ugari izango dituzte tropelean.


 

No hay comentarios: