miércoles, 17 de junio de 2015

ARATZ OLAIZOLA TXAPELDUN GIPUZKOAKO BANAKAKO ERLOJUPEKOAN

2015EKO EKAINAREN 16A


Astearte arratsaldean, Zarauztarra taldeko Aratz Olaizola eta Jokin Aranburu juniorrak, Gipuzkoako Banakako Erlojupeko Txapelketa lehiatu zuten Aizarnazabalen. Aratz Olaizola izan zen indartsuena eta azkarrena, eta Gipuzkoako Txapeldun bihurtu zen iazko bigarren postua hobetuz. 23 urtez azpikoen mailan, Asier Arana (Telco’M Gimex) zarauztarra izan genuen, bere lehendabiziko erlojupekoa izan zen eta oso txukun ibili zen seigarren postua erdietsiz.
                 Azkenean eguraldia lehorra izan zuten nahiz eta haizea nabarmena izan. Ibilbideak 14,5 km zituen, Aizarnazabal behetik irten, Oikiatik Beduako  biribilgunera joan eta itzuli Aizarnazabal gaineraino.
                Erlojupeko proba honetan, Gipuzkoako rankineko lehenengo hamabostak dute parte hartzeko aukera. Horien artean dira Aratz eta Jokin, eta baita ere beraien arerio nagusiak, Oier Ibarguren (iazko txapelduna) eta Unai Orbea, biak ala biak Atracciones Sanz taldeko azpeitiarrak.
                Aizarnazabaldik irten eta Oikiako lehen pasaeran, Unai Orbea zihoan bizkorrena eta lauzpabost segundora Oier Ibarguren eta Aratz Olaizola. Baina Beduako biribilgunera joan etorrian, Oikiako bigarren pasaeran, hau da haize gehien nabaritzen zen gunearen ondoren, Aratzek markatu zuen denborarik onena, azpeitiarrak bospasei segundora zituelarik.
                Ordurako, Aratzek, begi bistan zuen bere aurretik irtendako txirrindularia. Hura harrapatzeko gogoak eta Aizarnazabalen (bere herri kuttuna) irabazteko desioak, hegan eraman zuen helmugaraino, denetan denbora hoberena lortuz, 20 minutu eta 22 segundo, eta honela Gipuzkoako banakako erlojupekoaren Txapela lortuz. Oier Ibarguren bigarren izan zen 9 segundora, eta Unai Orbea hirugarren, 24 segundora.

                
                 Jokin Aranburuk, bere aldetik, ez zuen pedal kolpe egokia aurkitu. Hasieran nahiko ondo heldu bazion ere, azkenerako, luzea egin zitzaion ibilbidea eta zazpigarren postuan amaitu zuen, 42 segundora.


               
                   Txirrindularien egutegi bete honetan, Gipuzkoako Itzulia izango dute asteburu honetan. Lau egun jarraian lehiatu beharko dute. Ostiral arratsaldean atarikoa Aian, 2,5 kilometroko erlojupekoa,eta ondoren hiru etapa; larunbat goizean Olaberrian 75km, igande arratsaldean  Andoainen 93km eta bukatzeko astelehen arratsaldean Tolosan 88km. Esan beharrik ez dago, kilometro guzti hauetan nahiko aldapa eta mendate gainditu beharko dituztela. 


No hay comentarios: