jueves, 25 de junio de 2015

ARATZ OLAIZOLA TARTEKO HELMUGEN GARAILEA GIPUZKOAKO ITZULIAN

2015EKO EKAINAREN 22A

                 
                Pasa den asteburuan, ostiraletik asteleheneraino, Zarauztarra txirrindulari taldeko juniorrak, gazte mailako Gipuzkoako Itzulia lehiatu zuten. Atariko erlojupeko batez eta hiru etapaz osatzen da Gipuzkoako Itzulia. Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako 25 taldeek hartu zuten parte, guztira 147 txirrindulari.
                Itzulian parte hartu ahal izateko, taldea gutxienez lau txirrindulariz osatua izan behar du. Zarauztarra taldean hiru direnez, Jokin Aranburu, Aratz Olaizola eta Joseba Uzkudun (aiarra), solte ziren beste bi txirrindulari gehitu zaizkie; Jon Agirre (Zumaiako) eta Boris Campoo (Elgoibarko). Bostak Zarauztarraren maillota defendatu dute lau egunetan zehar.
                Eguraldia bikaina izan zuten, aitzineko Aiako erlojupekoan izan ezin. Lurra bustia zegoen, eta 2,5 kilometroko ibilbidea oso bihurgunetsua zenez, arriskua nabarmena zen. Jokin Aranburuk, erorketa ekiditearren 13 segundo galdu zituen lehendabizikoarekiko. Aratz Olaizolak, irabazteko grinak bultzaturik, dena eman zuen, baina, bihurgune batean erorikoa izan zuen. Hala ere, altxa eta proba amaitu zuen ia minutu bat galdu zuelarik.


Lehen etapan, Olaberrian (75km eta bost mendate), Jokin Aranburuk gurpilean zulatua izan zuen ibilbidearen erdian, Olaberriako mendatea igotzen hasi aurretik. Ezbehar honek, etapa amaieran ia bi minutu galtzea eragin zion. Aratz Olaizolak bere aldetik, tarteko helmugetan puntuak lortzen hasi zen, atariko erlojupekoan galdutako denbora handia zela ikusirik. Biak ala biak, sailkapen orokorrerako aukerak murriztuak zituzten dagoeneko.


Bigarren etapan, Andoainen (93km eta bi mendate), Jokin Aranburu etapa irabazteko zorian egon zen baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Aratz Olaizolak puntu gehiago bildu zituen tarteko helmugetan.


Azkenekoa izango zen hirugarren etapan, Tolosan (88km eta hiru mendate), Aratz Olaizolak  azken puntua lortu zuen, eta honela, Gipuzkoako Itzuliko tarteko helmugen garailea izatea erdietsi zuen. Jokin Aranburu zazpigarren sartu zen Tolosako helmugan.



42 txirrindularik bakarrik bete zituzten Itzuliko kilometro guztiak eta horien artean izan ziren, Aratz Olaizola eta Jokin Aranburu. Gipuzkoako Itzuliko sailkapen orokorrean, Jokin Aranburu izan zen Zarauztarra taldeko lehena, 14. postuan, Euken Gallego (Laguntasuna) irabazlearengandik bi minutu eta zortzi segundoetara. Jon Agirrek lehenengo bi etapa oso onak egin zituen, liderraren taldean ibiliaz, baina pairatu zuen alergia dela eta, ezin izan zuen hirugarren etapa amaitu. Joseba Uzkudun eta Boris Campoo ere, bi etapetan oso txukun ibili ziren baina hirugarrena ezin izan zuten amaitu. Esperientzia hau, ederra eta gogorra izan da parte hartu duten guztientzat, kirol hau den bezelakoa.







No hay comentarios: