domingo, 24 de mayo de 2015

LEGAZPIN JOKIN ARANBURU GARAILE ETA ARATZ OLAIZOLA LAUGARREN

2015EKO MAIATZAREN 23A


Zarauztarra txirrindulari taldeko juniorrak Legazpin izan zuten karrera larunbatean. Giro lehorra lagun zutela, Nafarroatik, Arabatik, Iparraldetik eta Gipuzkoatik etorritako 124 txirrindularik hartu zuten parte lasterketan. 77 kilometroko ibilbidea zuten aurretik eta hiru mendate gainditu beharra, Atagoiti bi aldetatik eta Izaga.
Ordu erdiko atzerapenarekin irten ziren karrerako medikua falta zelako. Itxaron aldiak eraginda edo, ziztu bizian bete zituzten hasierako kilometroak eta Atagoitiko lehen  igoeran txirrindulari asko atzean gelditzen ari ziren.
Zortzikote batek aurrea hartu zion tropelari. 25 segundoko abantaila ere izan zuten baina Atagoitiko bigarren igoeran tropelaren abiadurak bertan behera bota zuen ihesaldia. Gaina igarotzerakoan 19 txirrindulariz osatutako taldetxo bat zen lasterketa buru, horien artean, Jokin Aranburu eta Aratz Olaizola zirekarik.


Gainetik helmugaraino bost kilometro gelditzen ziren eta azken laurehun metroak maldan gora ziren. Amaiera mota honetan ondo moldatzen da zarauztar bikotea eta hala izan zen. Jokin Aranburu nagusitu zen azken esprintean eta Aratz Olaizolak laugarren zeharkatu zuen helmugako marra. Joseba Uzkudunek ezin izan zuen amaitu lasterketa. 48 txirrindularik bakarrik bukatu zuten, batez besteko abiadura, orduko 42,4 kilometrokoa izan zelarik.


Pasa den aste honetan, Salvador Meliák ( Espainiako pistako hautatzaileak) deituta, Aratz Olaizola  Mallorcako kontzentrazioan izan da entrenatzen. Jokin Aranburu ere deitu zuen baina ikasturte amaierako azterketak direla eta etxean geratu behar izan zuen. Ekainaren 12an izango dute beste aukera bat Mallorcara joateko . Orduan jakingo dugu Europako Pistako Txapelketetara zarauztarrak joango diren ala ez.
Bestalde, ekainaren 7an, Nafarroako Caparroso herrian, Euskadiko banakako erlojupeko txapelketa lehiatuko da. Jokin Aranburuk bertan parte hartzeko aukera izango du Gipuzkoako hautatzaileak erabakita.

ZARAUZTAR INFANTILAK NAGUSI



Zarauztarra taldeko infantilen emaitzak ere bikainak ari dira izaten. Astea joan eta astea etorri, Mikel Uriarte eta Iñigo Eizagirre, eskualdeko lehiaketetan podiumeko gorenera igotzen txandakatzen ari dira. Azkenekoa, larunbateko  Astigarragako karreran, Mikel Uriarte izan zen garailea.



lunes, 11 de mayo de 2015

JOKIN ARANBURU GARAILE BERAN, EUSKAL HERRIA TORNEOAREN 3. JARDUNALDIAN

2015EKO MAIATZAREN 9A


                Larunbatean arratsaldez, Zarauztarra txirrindulari taldeko juniorrak, Bidasoako Beran izan zuten karrera. Euskal Herria torneoaren barne, 3. Jardunaldia lehiatu zuten. Bidasoa ibaiaren bailaran zehar, Bera eta Berrizaun herrien artean, 80 kilometroko ibilbidea osatu zuten. Gehienbat sasi ordeka  izan zen baina koska nagusia helmugara iristeko 11 kilometrora izan zuten, Lesaka eta Igantzi artean dagoen Piedadeko gaina, % 8 eta %10 bitarteko maldak dituen 3 kilometroko portua.
                Txapelketa honetan ohikoa den bezala, Euskal Herri guztitik etorritako taldeak aurkeztu ziren, baita Iparraldekoak ere, guztira 162 txirrindulari.
                Ihesaldiak izan ziren baina ez zuten tropelarekiko alde handirik lortu. Argi zegoen Piedadeko gainak bideratuko zuela lasterketaren emaitza. Aldapa zaharra gainditu ondoren, 14 txirrindulariz osatutako talde bat egin zen lasterketaren buru, horien artean  Jokin Aranburu zelarik. Aratz Olaizola taldetxo horretatik metro batzuetara geratu zen eta nahiz eta jaitsieran eta ondorengo kilometroetan ahalegin betean jardun, ezin izan zituen aurrekoak harrapatu.
                14 txirrindulariak heldu ziren Berako kaleetara eta han, gora egiten zuen zuzen gune batean zegoen kokatuta helmuga. Esprint estu batean  erabaki zen garailea eta azken unean bada ere, Jokin Aranbururen gurpila izan zen helmugako marra zapaltzen lehena. Ondoren, 22 segundora ,bigarren talde bat iritsi zen Aratz Olaizola buru zelarik.


              
                Karrera honez gain, igandean beste bat izan zuten, Seguran. Emaitzak ez ziren hain onak izan, 15. Aratz eta 21. Jokin. Albisterik onena Joseba Uzkudunen itzulera izan zen. Orain dela hilabete izandako erorketaren ondoren,  lasterketetara itzuli da eta bukatzea lortu zuen. 


 

miércoles, 29 de abril de 2015

ZARAUZKO KARRERAN IHESALDIA IRITSI ZEN HELMUGARA

2015EKO APIRILAREN 26A


                XXVII Udaberri Saria,junior mailako txirrindulari lasterketa, Zarautzen lehiatu zuten igande goizean. Tarteka euria ari zela argitu zuen egunak, ala ere ibilbidean zehar ez zen traba izan ikuskizun ederraz gozatzeko. Euskal Herriko bazter ugaritik etorritako 127 txirrinduari elkartu ziren Munoan lasterketari hasiera emateko.
                84 kilometroko ibilbidea zuten aurrean, horien artean bi gain igaro beharrak, Mia eta Garateko gaina.
                Hasieratik hasi ziren mugimenduak tropelaren aurrealdean. Pixkanaka eguneko ihesaldia osatzen joan zen, 18 txirrindulariko talde bat eratu zelarik. Zumaiatik zehar zakila itzulia egin eta Zarauztik igarotzean, Mia igotzen hasi aurretik, minutu eta hamar segundoko aldea zeramatzaten tropelarekiko. Mia igo eta jaitsi ondoren aldeak behera egin zuen nabarmen 18 segundo izateraino. Bazirudien tropelak ihesaldia irentsiko zuela, baina ez zen horrela izan. Berriz ere denbora tarteak gora egin zuen eta Getariatik pasatzean, Garateko malden aurretik, ihesaldiko taldearen abantaila minutu eta erditik gorakoa izatera iritsi zen. Tamalez, Jokin Aranburu eta Aratz Olaizola, zarauztarrak, tropelean zihoazen eta nahiz eta ihesitakoak harrapatzen ahalegindu, karrera irabazteko aukerak gutxituak zituzten ordurako.

               
                Garateko igoerak 12 txirrindulari izateraino murriztu zuen aurreko taldea. Hauek izan ziren Zarautzera iristen lehenak eta esprintean garaipena lehiatzeko aukera izan zuten. Azpeitiko Oier Ibarguren (Atracciones Sanz) izan zen garailea, Aitor Rodriguez (Arabarrak) bigarrena eta Julen Umerez (Ulma) hirugarrena. Minutu eta erdiko atzerapenarekin heldu zen tropela. Bertako esprintean Jokin Aranburu nagusitu zen (17. postuan) eta ondoren Aratz Olaizola sartu zen helmugan (21. postuan).


              
               Datorren larunbatean, maiatzaren 2an, Gipuzkoako XXI Klasika lehiatuko dute zarauztar txirrindulariak. Lazkaotik Lazkaomendira doa ibilbidea. Batetik bestera ez daude kilometro asko, baina txirrindulariak lau mendate gainditu eta 116 km egin beharko dituzte Lazkaoko irteeratik Lazkaomendiko helmugara iristeko. Gainera, Espainiako txirrindulari talde ugari izango dituzte tropelean.


 

martes, 21 de abril de 2015

URRETXUN ERE BI ZARAUZTARRAK PODIUMEAN, JOKIN 2. ETA ARATZ 3.

2015EKO APIRILAREN 19A

                 Pasa den aste buruan, igande arratsaldean, Urretxun izan zuten karrera Zarauztarra taldeko junior mailako txirrindulariak. Eguraldi benetan txarra, euri asko eta une batean txingorra ere jasan behar izan zuten lehiatzera hurbildu ziren 104 mutilak.
                Ibilbideak 83km zituen, Urretxutik Azkoitira joan etorria Urola bailaran zehar, ondoren Ormaiztegira eta handik hasita Atagoitiko gaina gainditu eta Legazpitik Urretxura. Helmuga,  300 metroko aldapa baten ondoren zegoen kokatuta.
                Azkoitira bidean, maldan behera, ziztu bizian joan zen tropela. Itzuleran, maldan gora, ihesaldi ahaleginen garaia iritsi zen baina ez zuen inork benetan ihestea lortu.
                Atagoitiko mendateak egin zuen aukeraketa, ez da aldapa oso gogorra baina bai luzea(9km). Gainetik igarotzean, 25 bat txirrindularik osatzen zuten aurrean zihoan tropela. Jaitsiera arriskutsu eta labur baten ondoren, Legazpitik barrena Urretxura heldu zen tropeltxoa eta han, azken aldapak jarriko zuen bakoitza bere tokian. Iñigo Elosegi bizkaitarra izan zen lehena, bigarren Jokin Aranburu eta hirugarren Aratz Olaizola. Jarraian, bi aste buruetan zehar, zarauztar bikoteak izan dituen emaitzak ikusita, sasoi puntu ederrean daudela esan dezakegu.


Iñigo Elosegi, bizkaitar mutiko honek, aipamen berezia merezi du. Junior mailan lehen urtekoa da, dagoenekoz gutxienez hiru karrera irabazi ditu eta orain dela aste bat, Espainiako selekzioarekin junior mailako Paris-Roubaix lehiatu du, proba 35. postuan amaituaz.

               
                Pistari begira, aste honetan asteartetik larunbatera arte, Jokin eta Aratz Mallorcara doaz. Salvador Melíak, Espainiako pistako hautatzaileak deituta, entrenamenduak burutuko dituzte bertako Palma Arena belodromoan, uztailean jokatuko diren Europako Pista Txapelketetarako prestatzeko helburuarekin.

                Bestalde gogoratu, igande honetan, apirilaren 26an, Zarautzen izango dela junior mailakoen lasterketa. Goizeko 10:00etan irtengo dira Nafarroa kaletik, bertan amaitzeko  12:00ak aldera.       


 

martes, 14 de abril de 2015

JOKIN ARANBURU GARAILE ETA ARATZ OLAIZOLA BIGARREN ELGOIBARREN

2015EKO APIRILAREN 12A



            Igande arratsaldean, giro ederrak lagunduta, Elgoibarren izan zuten karrera Zarauztarra txirrindulari taldeko mutilak. Jardunaldiak bi aurpegi zeharo desberdinak izan zituen taldearentzat. Alde ona, Jokin Aranbururen junior mailako lehen garaipenak eta Aratz Olaizolaren bigarren postuak osatu zuten, baina alde txarra, Joseba Uzkudun aiarraren erorketak bete zuen. Ospitalera eraman behar izan zuten eta hainbat proba egin ondoren  eskumuturra hautsia  zuela ondorioztatu zuten sendagileek. Besarkada bat berarentzat,eta  ea lehenbailehen osatu eta errepidean bere taldekideekin ikusten dugun.
Elgoibarko irteeran 93 txirrindulari elkartu ziren, gipuzkoarrez gain, Bizkaitik, Arabatik eta Kantabriatik etorritakoak. Aurrean, 92 kilometroko ibilbidea zuten, Debako bailaran gora Arrasateraino eta gero behera Debaraino , ondoren, Mutrikutik Kalbarioko gaina gainditu eta Elgoibarren amaitu.
Arrasatera iristerako eguneko ihesaldia eratu zen. Lau txirrindularik osatu zuten taldetxoa. Tropelarekiko minutu eta erdiko aldea izatera iritsi ziren. Bai zarauztarrak eta bai beste batzuk ere ahalegindu ziren ihesaldia zapuzten baina errepidea maldan gora ipini arte ezinezkoa izan zen.  Mutrikuko kaleetan abantaila minutu erdira jaitsia zuten. Orduan, Kalbarioko mendatean , nabarmendu ziren zarauztarrak. Jokin Aranburuk, gaina hartzerako, ihesaldiko taldetxotik geratzen zen bakarra harrapatu zuen, eta jaitsieran, Aratz Olaizolak bat egin zuen aurreko bikotearekin.


Kalbario jaitsi eta Elgoibarrerako bidean,atzetik zetozen hamar bat txirrindulari elkartu zitzaizkien. Hauen artean lehiatu beharko zutela garaipena aurre ikusten zen, ziurrenik esprintean, eta argi ikusi zen zarauztar bikotea trebea dela amaiera mota hauetan. Helmugan,  Jokin Aranburuk irabazi zuen eta  Aratz Olaizola izan zen bigarren.


Errepideaz gain, pistan ere saiatzen dira Jokin eta Aratz. Pasa den astean Valencian izan dira. Europako Pista Txapelketarako aurre hautaketa probak egin zituzten, Espainiako hautatzailea den Salvador Meliaren begiradapean. Erantzunaren zain daude ilusio handiz. Aukeratuak izanez gero, Mallorcara deituko dituzte entrenatzera.
Bestalde, apirilaren 26an, igande goizez, Zarautzen izango da junior mailakoen karrera. Pagoeta tabernaren (munoa) aurretik irtengo dira txirrindulariak goizeko 10:00etan, 12:00ak aldera, Eguzki tabernaren parean izango dute helmuga. Ibilbideak 82 km izango ditu, Meagas gainetik pasako dira eta bukaera aldera baita Garate gainetik.

miércoles, 11 de marzo de 2015

ERRENTERIAN, ARATZ OLAIZOLA 2. ETA JOKIN ARANBURU 3.

2015EKO MARTXOAREN 8A

Zarauztarra Txirrindulari taldeko junior mutilak Errenterian izan zuten karrera igande arratsaldean. Gaintxurizketako gaina lau aldiz igarotzen zuen 77 kilometroko ibilbidea bete zuten. Gipuzkoako 14 taldez gain, Bizkaiako, Arabako, Nafarroako, Kantabriako eta Asturiasko beste 16 talde ere izan ziren bertan. Guztira 174 txirrindulari irten ziren eta horietatik 80 inguruk amaitu zuten proba.
            Irteeratik hasi eta bukaera arte ziztu bizian ibili ziren, 42 kilometro orduko batezbestekoa lortu zutelarik ibilbidea osatu ondoren.
            Ihesaldi saiakerak izan ziren baina tropelarekiko, ez zuten 30 segundo baino alde gehiagorik lortu. Azkenean denak bat eginik iritxi ziren eta tropeleko esprint estu baten ondoren, kantabriako Angel Coterillo izan zen garaile eta ondoren bi zarauztarrak, Aratz Olaizola bigarren eta Jokin Aranburu hirugarren. Joseba Uzkudun aiarra 70. heldu zen tropelaren ondoren.


Infantilak eta alebinak bikain Hondarribin
           
Denboraldiaren hasiera Hondarribin izan zuten Zarauztarra taldeko infantil eta alebinak. Ilusioz gainezka ekin zioten eta emaitza ezin hobea lortu zuten. Infantil mailan Mikel Uriartek irabazi zuen eta Iñigo Eizagirrek hirugarren postua erdietsi zuen.


Larunbatean kadeteen karrera Zarautzen
           

Kadete mailako karrera izango da larunbat honetan Zarautzen. Zarauztar denok izango degu aukera ikuskizun honetaz gozatzeko. Irteera goizeko hamarretan izango da Azken Portun, Juli-Juli tabernaren aurretik. 52 kilometroko ibilbidea bete beharko dute: Zumaira kostatik, ondoren bi zakila itzuli (Oikia-Aizarnazabal-Iraeta) eta berriz kostatik itzuliko dira Zarautzera hamaikak eta laurden aldera. Helmuga Kikara tabernaren aurrean egongo da.

miércoles, 25 de febrero de 2015

ZARAUZTARRA TXIRRINDULARI TALDEAREN AURKEZPENA, 2015 DENBORALDIA

2015EKO OTSAILAREN 22A

              
                 Zarauztarra Txirrindulari Elkarteko maila desberdinetako taldeak, igande eguerdian aurkeztu ziren Arrosategiko parkean. Giroak ez zuen asko lagundu baina, ater une batez baliatuz, txirrindularien izenak aipatu eta argazkiak atera zituzten.
                Datorren asteburutik aurrera, bost maila desberdinetan lehiatuko dute Zarauztarra taldeko txirrindulariak:  alebinak, infantilak, kadeteak, juniorrak eta txirrindularitza egokitua.


ALEBIN / INFANTILAK: Iago Aizpurua, Iñigo Eizagirre, Inaxio Larrañaga, Alejandro Pérez, Joan Rodriguez eta Mikel Uriarte. Arduradunak: Ibai Berazierto / Ixidro Uriarte / Alex Gómez


KADETEAK: Beñat Arana, Haritz Erasun, Alex García, Gaizka Gurrutxaga, Unai Muro, Adrián Sorreluz eta Ander Zumeta. Arduradunak: Fran García / Edu Arana


JUNIOR:  Xuban Aizpurua, Jokin Aranburu, Aratz Olaizola eta Joseba Uzkudun. Arduradunak: Xabi Aranburu / Martxel Olaizola



TXIRRINDULARITZA EGOKITUA: Joxe Angel  Arroitaonandia eta Josu Arroitanandia. Araduraduna: Juanjo Berazierto